Martxan da XV. Elkar Ilustrazino eta Ipuin Lehiaketea

Bizkaie! 2023-01-17 10:55   Kulturea

Ume eta gazteen artean euskerazko irakurzaletasuna bultzatzea da helburua.

Esti Vivanco idazlea, Borja Goitia (Elkar) eta Alex Orbe ilustratzailea (argazkia: Elkar) | Ikusi handiago | Argazki originala

Dagoeneko hamarkada eta erdiko bidea egin dau Elkar Ilustrazino eta Ipuin Lehiaketeak, ume eta gazteen artean euskeraz irakurteko ohiturea eta zaletasuna zabaltzeko asmoz. Aurtengo edizinoa, 15.a, martxan dagoala dino argitaletxeak eta sari ederrak dagoz parte-hartzaileen zain. Urtero 10.000 ume eta gazte inguruk bialtzen ditue euren sorkuntzak.

Hiru modalidadetan banatuta dator sariketea, edadearen arabera. Txikienek Esti Vivancoren Nora joan da Nora? ipuina irakurri eta marrazkia egin beharko deutse. Pixka bat nagusiagoek, ostera, Alex Orberen ilustrazinoan oinarritutako ipuina idatzi beharko dabe.

Nagusienen ataleko barritasuna da aukera bi izango dituela: Alex Orbek komiki baten hasierea sortu dau lehiaketarako eta parte-hartzaileek berau amaitu beharko dabe edo, bestela, istorioaren gaian oinarritutako beste komiki bat hutsetik sortu.

Lanak aurkezteko epea apirilaren 20an amaituko da. Parte hartzen daben umeentzat ez eze, ikastetxeentzako sariak be egongo dira, Laboral Kutxaren eta Irrien Lagunak Klubaren eskutik.

Irakurri oinarriak hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu