Jose Sacristan, Aitziber Garmendia eta Vanessa Goikoetxea, San Agustinen 25. urteurrenean
2023-01-16 07:57 KultureaNormalean baino formatu eta aurrekontu handiagoko hamar obra datoz Durangora.
Gala handi baten bidez ekin deutso Durangoko San Agustin Kulturguneak 25. urteurreneko urteari. Hortxe iragarri dabe 2023ko programazino berezia, ohikoa baino zabalagoa eta aberatsagoa. Izan be, Euskal Herriko eta Espainiako arte eszenikoetako artistarik ezagunenak ekarriko ditue, adibidez, Jose Sacristan, Charo Lopez, Aitziber Garmendia, Rafael Álvarez El Brujo eta Vanessa Goikoetxea.
Egoera normal batean, ez formatu teknikoagaitik ezta aurrekontuagaitik be, San Agustinen lekurik izango ez leukien hamar obra ekarriko doguz, adierazo dau aretoko arduradun Arantza Arrazolak. Orain, urteurren honen harira, hemen izango doguz, geure etxeetatik pauso batera. Arrazolagaz batera, Durangoko alkate Ima Garrastatxu eta alkateorde Julian Rios be izan dira ekitaldian.
Besteak beste, Man Up ikuskizunaz gozau ahal izango dabe durangarrek, Teatro In Vilo konpainiaren eta Centro Dramático Nacional-en produkzinoa. Jose Sacristan aktoreak Señora de rojo con fondo gris aurkeztuko dau. El Nadador de aguas abiertas antzezlanean, ostera, Adolfo Fernandez da aktore nagusia. Horreez gan, Rafael Álvarezek Comico ekarriko dau, eta Vanessa Goikoetxea soprano durangarra be izango da San Agustinen, 25. urteurreneko kontzertu esklusibo batean.
Euskal artisten artean, oholtzan izango dira Aitziber Garmendia, Ane Gabarain, Iñaki Salvador eta Ander Lipus, besteak beste. Igor Elortza eta Rafa Ruedaren Anonyme Popular bertso eta musika saioa be programazinoan sartu dabe.
1998an zabaldu zanetik, Durangoko kulturgintzearen erreferenteetako bat izan da San Agustin Kulturgunea. 25 urtean, mila konpainia profesional inguru pasau dira bertako oholtzatik, eta 175.000 ikuslek baino gehiagok gozau dabe programazinoaz.
Zifra disdiratsu horreen atzean istorio asko dagoz, hemen ahal izan doguzanak adina. Eta, azken finean, horixe da San Agustinen helburua: arte eszenikoen eta kulturearen balioen bidez istorioak transmitiduteko topagunea, adierazo dabe Ima Garrastatxuk eta Julian Riosek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!