Euskadi-Ukraina, Irulegiko Eskua topau eban taldea, Irakli Kobakhidze, BOS, Mikel Sánchez eta Aspace Gipuzkoa

Bizkaie! 2023-01-13 12:45   Kulturea

Sabino Arana Fundazinoak urtarrilaren 29an emongo ditu sariak Bilboko Arriaga Antzokian.

Ondokoak dira aurtengo sarituak: Euskadi-Ukraina alkartasun mobimentua; Aranguren ibarrean (Nafarroa) Irulegiko Eskua topau eban arkeologia-lantaldea; Irakli Kobakhidze politikaria eta Georgiako Ametsa alderdiaren burua; BOS - Bilbao Orkestra Sinfonikoa; Traumatologia eta kirurgia ortopedikoan aditua dan Mikel Sánchez medikua; eta Aspace Gipuzkoa, garun-paralisia daben personei laguntzea eta arretea emoteko alkartea.

Sei sari barri horreek 1989an sariak ezarri ziranetik emondako 186 sariei gehitu behar jakez. Sabino Arana Fundazioaren sariak urtero emoten dira urtarrilean, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzearen urteurrena dala eta.

Sabino Arana Fundazinoak Aranguren ibarrean (Nafarroa) Irulegiko Eskua topau eban Aranzadi Zientzia Alkarteko arkeologia-lantaldeak gauzatutako lana eskertu eta autortu nahi dau, izan be, Kristo aurreko I. mendean kokatutako aurkikuntza horrek goitik beherako iraultzea ekarriko deutso euskerearen eta baskoien historiaren inguruko ikerketeari.

Mikel Sánchez doktoreak be saria jasoko dau. Birgaitze-medikuntzearen aurrendaria izan da eta Sánchez doktoreak arlo horretan egindako ekarpenei esker, persona askok eta askok suspertzeko modua izan dabe istripu eta lesio larrien ondorioetatik. Aitzindaria da Europan kirurgia artroskopikoaren esparruan eta munduko lehen medikua da plaketatan aberatsa dan plasmearen (PRP edo Platelet-rich plasma) ahalmena ulertzen eta traumatologian apliketan.

BOS, ehun urteko ibilbidea. Lana, konpromisoa, ahalegina, kemena, hobetzeko pasinoa ditugu BOS edo Bilbao Orkestra Sinfonikoa bereizgarri dituan nolakotasun batzuk, orkestreak lehen kontzertua emon ebanetik, hau da, 1922ko martiaren 8tik. Mendeurren horren atzean dagozan 36.525 egunetan, 4.700 kontzertu baino gehiago eskaini ditu BOSek eta Bilboko eta Euskadiko kultura-politikearen eragile eta tresna bihurtu da mundu osoan.

Irakli Kobakhidze Georgiako Parlamentuan gehiengoa dauan Georgiako Ametsa alderdiaren buru eta Kaukasoko herrialde horretan indarrean dagoan egungo konstituzinoaren sortzaileetakoak sarietako bat jasoko dau. Irakli Kobakhidze Georgiako erakunde eta politikako erreferente nagusietakoa da herrialdea Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunetik bereizi zanetik.

Euskadi-Ukraina alkartasun-mobimentuaren lana autortu eta saritu nahi dau Sabino Arana Fundazinoak, Ukrainako herria sufriduten dagoan egoera larriaren aurrean euskal gizartea erakusten dabilen justizia, alkartasun eta harrera balioen aurreko konpromiso sendoa.

Sabino Arana Fundazinoak autortu eta saritu egin nahi dau Aspace Gipuzkoa alkarteko profesionalek, boluntarioek, familiek eta erabiltzaileek eurek mende erditik gorako aldian egin daben eta egiten dabizen lan eta ahalegina, garuneko paralisiak jotakoen bizi-kalidadea hobetzen eta komunidadean eskubide osoko herritar lez gizarteratu daitezan burrukatzen, garuneko paralisia daben Gipuzkoako personek ganerako herritarren eskubide berberak dituela aldarrikatuta.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu