On-giz alkarteak irabazi dau Emakunde Saria

Bizkaie! 2023-01-13 08:28   Pil-pilean

Gizonen sensibilizazinoan eta emakumeen ahalduntzean egin dauen ahaleginagaitik da.

On-gizeko, Emakundeko eta Jaurlaritzako ordezkariak (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Maskulinidade barrien bila hamarkada bi baino gehiago beharrean dabilen irabazi asmo bako alkartea da On-giz. Gizonen taldeakaz hasi zan lanean, baina denporeagaz emakumeenak eta mistoak be sortu ditu, bardintasunaren aldeko jarrerak gizarteratzeko. Horregaitik guztiagaitik, 2022ko Emakunde Saria emon deutse.

Gizonen sensibilizazinoa eta emakumeen ahalduntzea bultzatu ditu On-gizek, epaimahaiaren arabera: maskulinidade eta feminidade hegemonikoen ereduak birpentsau eta deseregiteko eta genero-identidade alternatibo, askatzaile eta ez-hegemoniko barriak sortzen laguntzeko ahalegina txalotu dau.

Eusko Jaurlaritzako Bardintasun sailburu Beatriz Artolazabalen esanetan, gizonak bardintasunaren aldeko burrukan inpliketako estrategiaren parte da On-giz saritzeko erabagia. Erakunde publikoak ahalegin horretan dabiz azkenaldion, horren erakusgarri da zemendiaren 25eko kanpainea, gizonei zuzendua.

Bardintasuna lortzeko beharrezkoa da gizonen eta emakumeen ekarpena, eta gizonen inplikazinoa bultzatu behar da, adierazo dau Artolazabalek. Halan esaten dabe Bardintasun Lege barriak eta Bardintasunaren eta Emakumeen kontrako Indarkeria Bako Bizitzen aldeko Herri Itunak, esate baterako.

Gizonen konpromisoa beharrezkoa da, batez be, etxeko lanetan eta jagote-lanen erantzunkidetasunean, bai eta emakumeen kontrako indarkeriaren prebentzinoan be, hurrengo belaunaldiei bardintasunezko gizonen ereduak transmitiduteko zeregina ahaztu barik, ganeratu dau Artolazabalek.

Emakunde zuzendari Miren Elgarrestak, ostera, gizonen kontzientziazinoa eta emakumeen ahalduntzea alkarren osogarri dira, bardintasunezko eta indarkeria matxista bako gizarte baterantz aurrera egiteko osogai nagusi biak.

On-gizeko kide Ester Molinerok eta Xabier Odriozolak azaldu dabenez, sari hau alkartean parte hartzen dogun 120 emakume eta 85 gizonentzako saria da, batez be taldeen 20 dinamizatzaile boluntarioentzat, danen artean gure sexismoa eta gizartearen sexismoa desprogrametako apustu argi eta aktiboa egiten dogulako. Hasiera-hasieratik, On-gizen helburua sistema patriarkala eta sexismoa gainditzea izan da, persona guztientzat bardintasunezkoa izango dan gizartea bilatzea.

Gizonen talde bakarragaz hasi zan On-giz, eta, gaur egun, bederatzi gizon talde eta beste hamar emakume talde daukaz martxan. Hamabost egunean behin batzen dira, Gasteizen eta Arabako beste herri batzuetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu