Kopla kantari datoz aratusteak

Bizkaie! 2023-01-11 13:24   Kulturea

Bilboko Aratusteetako Kopla Txikien VIII. Lehiaketan izena emon daiteke dagoeneko.

Hontzak, igazko irabazleak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Hilebete barru, hau da, zezeilaren 11n, hasiko dira Bilboko Aratusteak, Kopla Txikien Lehiaketa barriaren zortzigarren edizinoaren bitartez. Txapelketa errimatu hori Abandoko Kafe Antzokian egingo da, 20:00etatik aurrera. Bertan edozein taldek parte hartu ahal izango dau, alkarte, kuadrilla, bertso-eskola, konparsa, abesbatza edo bestelakoa, hiru baldintza bete ezkero: inskripzinoa betetea, bost kide edo gehiago izatea; eta partaide danak mozorrotuta jardutea.

Lehiaketako arauak

Izena emoteko epemugea zezeilaren 3a izango da. Inskripzino-orriagaz batera koplearen berbak be entregau behar dira. Bertsoak euskeraz edo gaztelaniaz aurkeztu daitekez, beti be kopla originalak eta argitaratu bakoak badira. Erabiliko dan doinua herrikoia edo berenberegi sortutakoa izan daiteke.

Izen-emote formularioa interesdunek Bilboko Konparsak kolektiboaren webgunean estekatuta topau keikie. Argibide gehiagorako, Bilboko Konparsak erakundearen Federazinora (946791306) edo Bizkaiko Abesbatzen Alkartera (944 244 045) jo daiteke.

Koplak, Bilboko ohitura zaharra

Bilboko Aratusteetako kopla txikiak 1515. urtean dokumentauta dagoz lehenengo aldiz, sindikoak alkateari gutuna bialdu eutsolako, orduko kritiken eta sarkasmoen barri emonez, izan be, Kopla Txikien Lehiaketan zabaltzen baitira ironia, sarkasmo, kritika sozial eta politikoa eta, batez be, umore ikutu handiak; Bilboko Aratusteen osogai nagusi horreek musikea, koreografia eta mozorro koloretsu eta ikusgarri ederrakaz nahasten ditue. Lehiaketea Bilboko Jai Batzorde Mistoak atontzen dau, Bizkaiko Abesbatzen Alkartearen laguntzaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu