Zabalbideko ur-biltegia erromesentzako aterpe bihurtuko dabe
2023-01-11 13:22 KultureaProiektua prest dau Bilboko Udalak, eta laster lizitauko ditue obrak.
Donejakue Bidea egiten Bilbotik pasetan diran erromesak gero eta gehiago dirala kontuan izanda, Udalak erabagi dau Zabalbide kaleko ur-biltegiaren eraikin zaharra aterpe bihurtzea, danetara 60 erromes hartuko dituan logela bi eta lorategi eta guzti.
Juan Mari Aburto alkateak eta Asier Abaunza zinegotziak azaldu dabenez, proiektua eginda dago, eta laster lizitauko ditue obrak. Behin lanak hasita, hamabost bat hilean amaitzea da aurreikuspena. Hiru miloe euro baino gehiagoko inbersinoa egingo dau Udalak, eta hortik 2,6 miloe Next Generation funtsetatik helduko dira.
Bilbo geraleku garrantzitsua izan da beti uriaren jagole dan Donejakueren izena daroan bidean, eta are garrantzitsuagoa izango da aterpetxe barriari esker, adierazo dau Aburtok. Azpiegitura honek balio erantsia emongo deutso gure uriari, baita kalidadezko alojamendua be, sasoi barrietarako egokitua.
Eraikina Jesus Galindez etorbidearen hasieran dago, Begoña eta Txurdinaga auzoen artean. Gaur egun, ekipamendu hidraulikoaren eraikina eta bulegoetarako beste bat ditu, baina zati bat bota egingo dabe. Bestean, logela bi egingo ditue, bakotxa 30 lagunentzat, estalpeko 970 metro koadroan. Bainugelak, sukaldea, jantokia eta bestelako zerbitzuak be ipiniko ditue.
Kanpoan, patio edegiak 500 metro koadro izango ditu, eta lorategidun terrazeak, ia 1.150 metro koadro. Bizikletak garbitzeko eta elektrikoak diranak kargetako eremua be egongo da.
Eraikin bat Donejakue Bideko aterpe bihurtzeko, baldintza zorrotzak bete behar dira. Esate baterako, bide ofizialetik kilometro bi baino urrunago ezin da egon. Zabalbideko kasuan, hori ez da arazoa izango, bidea 200 metro eskasera dago eta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!