Maitasuna ardatz, VI. Zinema eta Zientzia zikloan
2023-01-11 12:42 ZinemeaUrtarriletik martira, Euskal Herriko bost uritan izango dira proiekzinoak.
Hamar film dakarz Zinema eta Zientzia zikloaren seigarren edizinoak, urtarriletik martira bost uritan egingo diran proiekzinoetan. Saio bakotxean, zientzialari batek egingo dau berba, izan be, zinemearen artea eta zientziaren zorroztasuna ez dira alkarren kontrakoak, osogarriak baino. Donostiako Tabakalera, Bilboko Bizkaia Aretoa, Gasteizko Artium, Iruñeko Golem eta Donibane Lohizuneko Le Sélect dira egoitzak.
Maitasuna da seigarren edizinoko gaia, zientziari maitasuna eta zinemeari maitasuna. Begirada ezbardina emongo deutsegu zientziatik film handi batzuei, eta, era berean, aztertuko dogu zelan begiratzen deutsan zinemeak jazoera zientifikoari, azaldu dau DIPC-eko zuzendari Ricardo Diez Muiñok. Erakunde hori da zikloaren bultzatzailea, Donostiako Zinemaldiagaz eta Euskadiko Filmategiagaz batera.
VI. Zinema eta Zientzia ziklorako aukeratutako pelikulen artean dago Fire of Love (Sara Dosa, 2022), sumendiakanako maitasunak lotu dituan aditu biren esperientziei buruzko dokumentala. Historiako zientzialari handienetako bat aurkezten deusku Madame Curie-k (Mervyn LeRoy, 1943). Drácula de Bram Stoker (Francis F. Coppola, 1992), ostera, ezinezko maitasun baten bila denporan zehar dabilen banpiroaren mitoaren berrikuspena da.
Egitarauan dagoz, ganera, El nombre de la rosa (Jean-Jacques Annaud, 1986) eta La herencia del viento (Stanley Kramer, 1960) klasikoak. Maitasun librerako eskubidea Philadelphia-k (Jonathan Demme, 1993) erakutsiko deusku eta hondamendi nuklearrera eroango gaitu ¿Teléfono rojo? Volamos hacia Moscú (Stanley Kubrick, 1967) filmak.
John Nash zientzialariaren inguruko Una mente maravillosa (Ron Howard, 2001) eta distopia handi batean oinarritutako Cuando el destino nos alcance (Richard Fleyscher, 1973) be ikusi ahal izango dira. Zikloa amaitzeko, beste klasiko bat, Marrazoa (Steven Spielberg, 1975). Pelikulak jatorrizko bersinoan emongo ditue, gaztelaniazko edo euskerazko azpitituluakaz.
Hamar pelikulako programea osorik proiektauko dabe Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean; Donibane Lohizunen, barriz, Docteur folamour, Un homme d’exception eta Les dents de la mer ikusi ahal izango doguz.
Saioetan berba egingo daben zientzialariak honeek izango dira: José Ramón Alonso (Salamancako Unibersidadea), Carmen Garde (Biodonostia), Julio Arrizabalaga (Biodonostia), María Blanco (EHU, DIPC), Igor Campillo (Euskampus Fundazinoa), Ricardo Díez Muiño (DIPC, CSIC, EHU), Pedro Miguel Etxenike (DIPC, EHU), Mercedes Vila (Biotech Foods), Nerea Zabala (EHU, DIPC), Daniel Zerzion (DIPC, CERN) Amaia Arregi (DIPC), Bernard Bru (EHU, BCAM), Paula Gordaliza (BCAM, UPNA), José Antonio Lozano (BCAM, EHU), Montse Hervella (EHU), Conchi de la Rúa (EHU), Juan Ignacio Pérez Iglesias (DIPC, EHU), Janire Prudencio (Granadako Unibersidadea), Juana Vegas EHU), Fernando Cossio (EHU, Ikerbasque) eta Marta Olazabal (BC3, Ikerbasque).
Proiekzinoen osogarri, berbaldi bi be badagoz egitarauan, biak Tabakaleran. Bizitza aldatzen duten sumendiak izenekoa emongo dau IGME-CSICeko geologo Juana Vegasek. Elkarrizketa banpiroarekin neurozientziaz, ostera, José Ramón Alonso neurobiologoaren ardurea izango da.
Sarrerak erosteko, Euskadiko Filmategiaren webgunera ez eze, egoitza bakotxeko txarteldegira be jo leiteke. Bilboren kasuan, Arte Eder Museoan erosi behar dira, hori dalako egoitza ofiziala, saioak Bizkaia Aretora aldatu dituen arren, obrakaitik. 3,50 eta 6 euro artekoa da saio bakotxeko prezioa.
Tabakaleran egin dan aurkezpenean parte hartu dabe Euskadiko Filmategiko zuzendari Joxean Fernandezek, DIPCeko zuzendari Ricardo Díez Muiñok, Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Andoni Iturbek eta Unibersidade eta Ikerketa sailburuorde Adolfo Morais Ezquerrok.
Dagoeneko seigarren edizinoa dala gogoratu dau Joxean Fernandezek, hau da, orain arte 200 bat proiekzino izan ditu zikloak. Sei urteotan berbaldiak eta eskolentzako saioak be programau dira, eta, nire ustez, edizino hau amaitzerako, guztira 20.000 ikusletik gorako kopuruan egongo gara, ganeratu dau Euskadiko Filmategiko arduradunak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!