Bilbao Gabonak egitarauak 100.000 parte-hartzaile izan ditu
2023-01-10 10:48 KultureaJente gehien izotz pisteak eta txirristeak erakarri dabe.
Bilboko Udalaren esanetan, uria kulturearen, merkataritzearen eta aisialdiaren erreferente izan da asteotan, Bilbao Gabonak ekimenari esker. Jarduera ugari egin ditue Arenal eta Erripa inguruan, eta 100.000 bat lagun joan dira. Bai bilbotarrek bai egunotan bisitan etorri diranek babesa emon deutse edade guztietako publikoari zuzendutako programazinoari, adierazo dabe Udaleko ordezkariek.
800 metro koadroko izotz pista sintetikoa eta sei erraileko txirristea izan dira erakargarritasun nagusietako bi, biak be material barritzaile, abangoardista eta iraunkorragaz eginak. Helduek eta, batez be, umeek, ederto pasau dabe bertan. Udalaren kalkuluen arabera, 73.000 personak baino gehiagok erabili ditue pistea eta txirristea.
Txikigunea, 450 metro koadroko karpea, Erripako kaian egon da. Aurten, barrikuntza lez, gune bitan banatu dabe, Ganbara eta Gabonetako ametsen faktoria. 27.000 ume baino gehiago ibili dira olgetan. Erreserbak errazteko eta ilarak gitxitzeko, tiketak saltzeko plataformak indartu ditu Udalak eta, ondorioz, erabiltzaileen % 78k webgunearen bidez egin dabe erreserbea.
Erosketak egitea gustuko dabenentzat, Erripa kaian bertan, bertoko produktoreen hogei bat saltokiren etxolak egon dira. Gastronomia, opariak eta dekorazinoa izan dira nagusi. Udalaren arabera, Gabonetako salmentak bultzatu eta uriko merkataritzea erakusteko aproposa izan da Gabonetako Azokea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!