Gazteek Getxo hobetzeko proiektuak, Wanted deialdiari esker

Bizkaie! 2023-01-09 09:25   Kulturea

Arlo sozial, ekonomiko edo kulturala aberasteko proposamenak bultzatuko ditu Udalak.

Getxoko Udaleko Gazteria Zerbitzuak barriro ipini dau martxan Wanted deialdia, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendua. Herriko alor soziala, ekonomikoa edo kulturala aberasteko egitasmoak aurkeztu ahal izango ditue, eta aukeratutakoek 10.000 eurora arteko laguntzinoa izango dabe.

Proiektu profesionalak zein bestelakoak onartuko ditue, era askotakoak: antzezlanak, performanceak, film laburrak, erakusketak, lehiaketak, webguneak, blogak, aisialdiko jarduerak, ikastaroak, gizarte arazoen inguruko sensibilizazinoa, euskerearen erabilerea sustatzeko ekimenak, dibulgazinoa... Modu askotara lagundu leikie gazteek Getxo hobetzen.

Deialdira banaka edo taldeka aurkeztu ahal izango da. Getxon erroldatuta egon beharko dira banaka izena emoten dabenek; binaka aurkeztu ezkero, bietako bat getxoztarra izango da; talde handiagoetan, gitxienez heren bi izango dira herrikoak.

Proiektuak martxan jarteko gehienez 10.000 euro emoteaz gan, Getxoko Udalak bestelako laguntzinoa be emongo deutse aukeratuei, esate baterako, aholkularitzea eta formakuntzea.

Interesa daben gazteek gaztebulegoa@getxo.eus helbidera idatzi edo 94 466 00 18 zenbakira deitu leikie, Gazteria Zerbitzuko kideakaz hitzordua eskatu eta euren proiektuaren barri emoteko. Ganera, Udalak @WantedGetxo traola erabiliko dau sare sozialetan informazinoa zabaltzeko.

Gonzalo Ayo zinegotziak azaldu dauenez, programearen helburua da gazte getxotarrei laguntzea euren proiektuen lehen pausuetan, badakigulako hastapenak gatxak dirana. Udalak ekintzailetzea eta pentsamendu kritikoa sustatu nahi ditu, horregaitik, Getxoko gazte guztiak animau nahi doguz deialdi honetan parte hartzera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu