Txuspo Poyo, Jaime Cuenca eta Zigor Barayazarra, Ertibil 40 topaketan
2023-01-09 08:27 KultureaBilboko Rekalde Aretoan batuko dira hirurak urtarrilaren 12an.
Belaunaldi ugaritako artisten agora edo topaleku bihurtu da Bilboko Rekalde Aretoa, Ertibil programearen 40. urteurrenaren egitarauari esker. Hurrengo hitzordua urtarrilaren 12an, eguenean, izango da (18:00-20:00) eta hiru sortzaile batuko dira: Txuspo Poyo, Jaime Cuenca eta Zigor Barayazarra.
Bizkaiko Foru Aldundiak aurreratu dauenez, egueneko saioan artea eta medioa, adierazpen-kanal eta ideien euskarri lez, aztertuko ditue, eta hareen arteko hartu-emonei buruz egingo dabe berba. Topaketea amaitzeko, performance artistikoa egingo dau Elena Aitzkoak.
Abenduan hasi zan Ertibil 40 programazinoa, eta, zezeilera bitartean, artista ugarik hartuko dabe parte saioetan. Berbaldi eta topaketen bidez, gogoetea eta 40 urteko bidearen errepasoa buztartuko ditue. Juan Pablo Orduñez/MawatreS, Andrea Estankona, Ion Macareno eta Iván Gómez dira talde kuratorialeko kideak.
Azterketa-eremu propioa sortu nahi dauen programea aurkeztea da Ertibil 40ren helburua, ez hainbeste atzera begirako ikuspegi historiko batetik, ezpada aktibau eta etorkizunera begira proiektauko dan erreferentzia lez baino.
Topaketa artistiko guztien egitaraua hemen.
Ganera, hamar artista hasibarri workshop erako jardueran parte hartzen dabiz, Rekalde Aretoko baliabideak eta gidaritzea erabilita hainbat proiektu artistiko sortzen. Zezeilaren 16an aurkeztuko dabe emoitzea.
Rekalde aretora doazanek aretoaren arkeologia ikusi ahal izango dabe, azken urteetako esku-hartze artistikoen laginen bidez. Aretoa bera bihurtu da euskarri artistiko: horma zahar bat ikus-entzunezko piezak erakusteko pantaila bihurtu da; harmaila batek bisitaria eroaten dau Ertibil proiektuan eta Bizkaiko produkzino artistikoan sakontzera; eta Ertibilen lau hamarkadako katalogoak erakusten dituen narrazino-gailuak dagoz hormetan.
Raquel Asensi, Miren Barrena Rebe, M. Benito Píriz, Luis Candaudap, Helena Goñi, Izaro Ieregi González, Dr Kortex, Arantza Lauzirika, Estela Miguel + Victoria Ascaso eta Josu Rekalderen ikus-entzunezko hausnarketak erakusten ditu Rekalde Aretoak. Testuak Luis Candaudap eta Ismael Manterolarenak dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!