Urteko lehenengo erakusketea dakar Bilboko Okela Sormen Lantegiak

Bizkaie! 2023-01-05 12:58   Kulturea

Zezeilaren 12ra arte ikusi ahal izango da Maria Salgado eta Fran MM Cabeza de Vacaren lana.

Sorkuntza garaikidean ibilbide oparoa dauen bikote artistiko bategaz ekingo deutso 2023ari Bilboko Okela Sormen Lantegiak. Astelehenean, urtarrilak 9, zabalduko dabe Reina jinete erakusketea, Maria Salgado eta Fran MM Cabeza de Vaca artistek atondutako proiektu barria.

Zezeilaren 12ra arte ikusi ahal izango da erakusketea. Okela Sormen Lantegia Bilboko San Frantzisko kaleko 11. zenbakian dago, harategia izandako lokal egokitu batean. Arteagaz eta sormenagaz lotutako jarduerak, egonaldiak eta erakusketak egiten ditue han.

Lehenengo egunean, urtarrilaren 9an, artista biek performance bidez aurkeztuko ditue erakusketako edukiak. Pase bikotxa egingo dabe, 18:00etan eta 20:00etan.

María Salgado (1984an jaioa) eta Fran MM Cabeza de Vaca (1976) alkarregaz lanean dabiz 2012tik. Audiotestua oinarri hartuta, euren sormenak poesia, berba, soinu, musika eta performanceagaz buztartzen ditue euren lanetan. Jinete Último Reino Frag.3 (2017) eta Jinete Último Reino Frag.2 (2019) ikuskizunak dira lankidetza horren azken emoitzak. eta Okelako erakusketearen abiapuntua. 

Konpositorea, musika instrumentalean zein elektroakustikoan aditua eta soinu esperimentalean sarri ibilia da Cabeza da Vaca. Koreografo eta idazle ugarigaz kolaborau dau eta haren sorkuntzak Europan zein Ameriketan entzun ahal izan dira sarri.

Salgado, ostera, olerkaria eta ikerlaria da, hizkerea da bere audiotestu eta performanceen osogai nagusia. Literatur Teorian eta Literatura Konparatuan doktorea da, Seminario Euraca ikerketa-taldeko kidea be bai eta bost poesia-liburu ditu argitaratuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu