Durangoko San Agustin Kulturguneak mende laurena beteko dau 2023an
2023-01-05 11:03 KultureaUrte osoko egitaraua urtarrilaren 13ko galan aurkeztuko dabe.
San Agustin Kulturguneak 25 urte beteko ditu 2023an, eta mende laurena ospatzeko programazino berezia egongo da hurrengo hileetan, Durangoko Udalak aurreratu dauenez. Berau aurkeztu eta urteurrenari hasierea emoteko, galea egingo dabe urtarrilaren 13an, 20:00etan, San Agustinen bertan. Euskal Herriko eta Espainiako aktore esanguratsuak ekarriko dituela iragarri dabe.
San Agustin Kulturgunea Durangaldeko zein Euskal Herriko kultur erreferente bihurtu da, sortzaile zein kulturzaleen aterpe, durangarroi kulturea hurreratuz, adierazo dau Ima Garrastatxu alkateak. 25 urte beteta, San Agustinek etorkizun oparoa izango dau aurrerantzean be.
Aurrera begirakoa ez eze, orain arteko 25 urteak be oparoak izan dira. Mila ikuskizun profesional inguru hartu ditu San Agustineko oholtzeak, eta 175.000 ikusle baino gehiago batu dira harmailetan.
Besteak beste, José Sacristán, Asier Etxeandia, Blanca Portillo, Alberto San Juan, José Luis López Vázquez, Paco León, Natalie Poza, Hector Alterio, Petra Martínez eta Roberto Álamo aktoreak pasau dira Durangotik eta, jakina, euskal antzerkigintzako zein jantzagintzako erreferente nagusiak be bai.
Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak gogora ekarri dabe, ikuskizun profesionalak hartzeaz gan, San Agustin inguruko taldeentzako aterpe eta hasibarrientzako babesleku be badala, harrobi eszenikorako eta Durangoko konpainia artistiko edo alkarteentzako espazio garrantzitsua: Durangoko kultur epizentroa bihurtu da San Agustin, eta dozenaka alkartek, konpainiak eta kolektibok gozetan dabe horretaz. Sektorean ezaguna da San Agustin, konpainientzat gune edegia eta irisgarria dalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!