Ekialdeko Errege Magoak zirkuaren munduan inspirautako Kabalgateagaz etorriko dira Bilbora
2023-01-04 13:04 KultureaJesusen Bihotza biribilgunetik udaletxeko eraikin nagusira bidea egingo dabe.
Urtarrilaren 5ean, 18:00etatik aurrera, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak Bizkaiko uriburuan zehar ibiliko dira eta, beraz, animalia eta pizti handiek, pailazoek, magoek, akrobatek, kontorsionistek eta trapezistek magiaz, musikaz, kolorez eta fantasiaz beteko ditue kaleak.
Desfilea amaitutakoan, 20:00ak aldera, umeak Udaletxeko Areto arabiarrera sartzeko aukerea izango dabe.
10 karroza eta 6 kale animazino magiko izango dira
Aurtengo kabalgatarako, Bilboko Udalak hamar karroza diseinau ditu. Ohikoa danez, Suhiltzaileen antxinako kamioi batek lagunduko deutse Errege Magoei bidea egiten, Udaltzaingoagaz batera.
Desfilearen buruan Xpress Posta Errege Departamentua izango da. Hamabi errege-postari erlojuaren kontra ibiliko dira lanean, ume bakar bat be ez daiten geratu gutuna entregatu barik.
Desio bakoitza ondo batu ondoren, zirku zoragarriaren momentuan, Truski eta Traskik eta Txaloka Orkestreak lagunduta eta argiztatutako hamar zirkuko zaldik euren jagoleakaz batera edegiko dabe bidea jentetzearen artean. Ondoren, Samba Bilbaoko Bitxo Batukadako tanbor jotzaileek aurrera egingo dabe, arkakuso edo ardien zirkuari bidea emonez. Umeek Mimi, Zaza eta Lulu arkakusoak ezagutu ahal izango ditue.
Bidean, Madagaskarreko personaia bereziek euren tren magikotik Bilboko bizilagunak agurtuko ditue eta hor beste sasoi bateko globo aerostatiko handi bat lurreratuko da Kale Nagusian, hankaluze, malabarista eta kontorsionistak tartean dirala.
Gozoki Fabrikeak zarratuko dau karrozen desfilea eta glutenik bako 3 tona gozoki banatuko ditu turbina indartsuen bidez.
Ibilbidean zehar, 60 kilo konfeti biodegradagarri baino gehiago botako dira, ingurumena errespetetako helburuari eutsiz.
Kabalgatearen ondoren, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Zinegotziak Ekialdeko Errege Magoak hartuko ditue udaletxeko sarrera nagusian eta ohiko mezua emongo dabe balkoitik.
Arratsaldeko 20:00etan helduko da kabalgatea eta udaletxeko Areto Arabiarrean umeek Gaspar eta Baltasar ezagutu eta agurtu ahal izango ditue.
Ibilbidea
18:00etan, Kabalgatearen urtekerea, Kale Nagusian, María Díaz de Haro kalearen parean.
18:30ean, Moyua plazara helduko da (Carlton hotelaren aurretik).
19:00retan, Plaza Biribilera helduko da.
19:25ean, lehenengo karrozea udaletxera helduko da.
19:30ean, Juan Mari Aburto alkateak harrerea egingo deutse Meltxor, Gaspar eta Baltasar Ekialdeko Errege Magoei.
19:45: Udaletxeko eraikin nagusiko balkoitik agurra eta umeei harrerea Areto Arabiarrean.
Kabalgata inklusiboa
Aurreko edizinoetan lez, kabalgatea herritar guztientzat irisgarria izan daiten, espazio bat gorde da Udaletxeko eraikinaren aurrean (edukierea bete arte), dibersidade funtzionala daben umeek ikuskizunaz gozau deien.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!