Jardueraz beteta dator Ahalduntze Eskolea Bilbora
2023-01-04 09:51 KultureaBerbaldiak, tailerrak, aisialdiko jarduerak eta bestelakoak dagoz egitarauan.
Bilboko Udalak 2023ko Ahalduntze Eskolako jardueren egutegia aurkeztu dau, proiektu pilotu honen lehenengo egitaraua. San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabala auzoetan egingo ditue ekintzak, emakumeei eta LGTBI+ kolektibokoei zuzenduak. Proposamen guztiak dobakoak dira.
Taldeen batzarrak nabarmendu ditu Udalak, baina badagoz aisialdiko jarduerak, berbaldiak eta bestelakoak be. Auzoetako biztanleen intereskoak diran gaiak jorratuko ditue, gehienbat emakumeakan pentsauta: osasuna, gorputza, sexualidadea, nork bere burua jagotea...
Saioak gai bakotxeko adituek gidatuko ditue. Esate baterako, urtarrileko hiru topaketetan, gorputzaren inguruan egingo dabe berba Patricia Verdés Giménez psikologoak lagunduta. Zezeilean, plazerra eta sexualidadea jorratuko ditue, Izaskun Zarrandikoetxea sexologoaren eskutik.
Udalak azaldu dauenez, topaketa guztiak San Frantzisko auzoko udaltegian egingo ditue, 18:00etatik 20:00etara. Interesa dabenek saio bakarrerako zein ziklo osorako emon leikie izena, andretajabe@bilbao.eus helbidera idatzi edo 688 88 13 53 zenbakira deituta. Doban da.
Topaketen ziklo nagusiaz aparte, asmoa da emakumeentzat eta LGTBI+ kolektibokoentzat berbaldiak atontzea, besteak beste, diskriminazinoaren kontrako tresnak izan deiezen, baita gatazkak konpontzeko, funtsezko eskubideak urratzen diraneko egoerak salatzeko eta abarretarako be.
Ahalduntze Eskolearen egitaraua Zubirik 2021-2025 Planaren ondorioz jarri dabe martxan. Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetako herritarren bizi-kalidadea hobetzea eta inguru haretako dinamizazino soziala bultzatzea dira helburuak eta 36 neurri espezifiko dakarz.
Plan horren barruan, igaz hasi zan martxan Ahalduntze Eskolea. Lehenengo pausua izan zan auzotarren arteko parte-hartze prozesua egitea, eta 2023a hasteaz bat datoz egitarauko lehenengo jarduerak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!