Suspertzen hasi da Bilboko Arte Eder Museoa: 150.000 bisitari 2022an

Bizkaie! 2023-01-03 08:17   Kulturea

Lehenengo aldiz, EAEtik kanpokoak izan ziran erdiak baino gehiago.

Museoaren fatxada nagusia (argazkia: Bilboko Arte Eder Museoa) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arte Eder Museoak 2022. urtearen balantzea plazaratu dau. Urtea faktore bik baldintzatu dabe erabat: pandemiaren eraginak eta eraikina handitzeko obrek. Batez be, urtearen lehenengo seihilekoan igarri zan Covid-19aren eragina, baina, pixkanaka, egoereari bueltea emoten hasi da museoa, bisitari kopuruak erakusten dauenez.

Igaz 150.000 bisitari pasautxu joan ziran Arte Eder Museora, 2021ean baino % 40 gehiago eta 2020aren bikotxa. Kanpotik etorritako bisitarien kopurua nabarmendu dabe museoaren arduradunek: % 22 Espainiako beste erkidego batzuetatik etorri ziran eta, % 36, Espainia kanpotik. Hau da, erdiak baino gehiago ez ziran EAEkoak.

Bagilera arte egon zan martxan museoaren eraikina handitzeko obren lehenengo fasea. Irailean, ostera, Agravitas proiektuari ekin jakon, eta horrek eraikinaren alderdi modernoa zarratzera behartu eban museoa. Hortaz, formatu diferenteen bidez erakutsi behar dira bildumako piezak.

Dana dala, jarduera programa indartsuari eutsi deutsala azpimarratu dau Arte Eder Museoak. Esate baterako, 2022an Aurrez Aurre-BBKateak ekimenari esker, bildumako pieza esanguratsuak beste kontestu batean ikusi ahal izan doguz, sasoi, estilo eta jatorri ugaritako artisten arteko alkarrizketen bidez. Astero barritzen dira aurrez-aurrekook, eta 2023an martxan segiduko dabe.

Bildumearen aberastasunaren osogarri, bestelako ekimen batzuek be hartu dabe 2022ko programea, esate baterako, Obra Gonbidatuak. Baionako Bonnat-Helleu Museoagaz hasitako trukeaz 2023an be gozau ahal izango dau publikoak.

Eraikina handitzeko obrek luze joko dabe oraindino. 2023an, momentuz, eraikin zaharrean egingo dira jarduera gehienak, beste gune batzuk zarratuta egongo diralako. Eragozpen guztiok kontuan izanda, Arte Eder Museoan sartzea doban da gaur egun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu