Guggenheim Museora 1.289.000 bisitari joan ziran 2022an
2023-01-02 13:15 KultureaHistoriako urterik jentetsuenetan hirugarrena izan zan igazkoa.
Pandemiaren eraginpean hasi eban 2022. urtea Bilboko Guggenheim Museoak, eta 25. urteurrenagaz lotutako ospakizunez beteta amaitu. Hamabi hileotan, erakusketek eta bestelako ekitaldiek herritar ugari erakarri dituela garbi dago, 2022ko datuek dinoenez. Museoak berak zabaldu dauenez, 1.289.000 bisitari egon ziran igaz.
Zenbaki bikaina da hori, kopuruari begiratu ezkero. Museoaren historiako urterik jentetsuenetan hirugarrena da 2022a, eta 1998a eta 2017a baino ez ditu aurretik. Abuztua eta iraila sekulako jentetsuenak izan ziran, marka guztiak gaindituta.
Lehenengo seihilekoa pandemiaren ostean ohiko egoerara pixkanaka bueltetako sasoia izan zan, eta ondoren marka guztiak apurtu zituen. Datuek agirian ixten dabe Museoaren arrakastearen jasangarritasuna eta lurraldearen bultzatzaile lez dauen indarra, bai eta egoera gogorrei aurre egiteko gaitasuna be, azaldu dabe Guggenheimeko arduradunek ohar batean.
Atzerritik etorritako bisitariek asko lagundu dabe zenbakiak handitzen (erdiak inguru Espainia kanpotik etorri dira), baina bertoko herritarren erantzuna be parebakoa izan da, guztien % 27 EAEkoak izan dira (beste urte batzuetakoaren hirukotxa). Denontzako BBKartea ekimenagaitik da, EAEn erroldatuak doban sartu ziralako urriaren 25etik abenduaren 2ra: 100.000 lagunek aprobetxau eben.
Erakusketa handi batzuek be zeresana emon eben 2022an. Eragindako ikusminagaitik, aitatzekoa da Motion. Autos, Art, Architecture (751.000 bisitari), baina erantzun polita izan dabe beste batzuek be: Serra/Seurat. Marrazkiak (451.353) eta Fauvismotik surrealismora: Parisko Musée d’Art Moderneko maisulanak (262.164).
Alor digitalean, 3.489.771 bisitari erregistrau zituan webguneak 2022an, aurreko urtean baino % 27 gehiago, eta bistaratutako 10.627.462 orrialde. Sare sozialetan, 791.772 jarraitzaile ditu Guggenheimek Instagramen, 379.701 Facebooken eta 371.543 Twitterren.
Hezkuntza-programei jagokenez, 2022an 64.556 pertsonak parte hartu eben aurrez aurreko zein online jardueretan, eta 772.592 lagunek erabili zituen arte-programazinoaren osogarri diran espazio didaktikoak. Ikastetxeetatik 16.223 neska-mutil bertaratu ziran, eta Hezitzaileen Communityk (irakasleentzako dobako online komunidadeak) 1.999 kide batu ditu bere lehen urtean.
Arlo ekonomikoaren balantzea be egin dau Bilboko Guggenheim Museoak. EAEko Barne Produktu Gordinari 413 miloe euroko eragina izan dau eta foru ogasunek 64 miloe batu ditue horri esker. Modu batean edo bestean, 8.000 lanpostu baino gehiagoren eragile da museoa. Autofinantziazioa % 71koa da, eta Europan buru-buruan dago alor horretan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!