Migratzaileen boto-eskubidearen aldeko kanpainea Bilbon

Bizkaie! 2023-01-02 11:18   Pil-pilean

Hiru bideo plazaratu ditu Udalak, maiatzaren 28ko hauteskundeak laster datozala eta.

Bilboko Udalak informazino-kanpainea ipini dau martxan, urian bizi diran migranteek daben boto-eskubidearen eta hauteskundeetan parte hartzeko bideen inguruan. Immigrazino Gaietako Bilboko Kontseiluko Gazteen Taldeagaz batera atondu dabe kanpainea, eta sare sozialetan zabalduko dabe.

Hiru bideo egin ditue kanpainako edukiak modu erraz eta zuzenean gizarteratzeko. Maiatzaren 28ko udal-hauteskundeetan boto-eskubidea baliatu ahal izateko betekizun, epe eta prozeduren ganean argibideak emoten dira. Lehenengo bideoaren hartzaileak Bilbon bizi diran atzerritar guztiak dira, eta boto-eskubidea erabiltera animetan ditue.

Beste bideo biak herritar-moltso jakin banari zuzenduta dagoz. Bigarrenak, Bilbon erroldatuta egonik Europar Batasunean, Liechtensteinen edo Suitzan jaiota dagozanentzat da; hirugarrena, ostera, beste herrialde batzuetako herritartasuna dabenentzat: Bolivia, Cabo Verde, Txile, Kolonbia, Korea, Ekuador, Islandia, Norvegia, Zelanda Berria, Paraguai, Peru, Erresuma Batua eta Trinidad eta Tobago, Udalak zabaldutako zerrendearen arabera.

Guztiz garrantzitsua da gure urian bizi diran atzerritarrek politikan parte hartzea, botoa emonez, Bilbok zelakoa izan behar dauen erabagiten parte hartzen dabelako, adierazo dau Itziar Urtasun zinegotziak. Informazino nahikorik ez dabelako edo oztopo burokratikoak topetan dituelako, atzerritar asko botoa emon barik geratzen dira, eskubidea izan arren. Urtasunen arabera, beti egongo gara erne hareen gizarteratze osoa lortzearren eta hareen eskubideen alde ahal dogun guztia egiteko.

Kanpaina hau Eusko Jaurlaritzearen Migrazinoaren eta Asiloaren Foroak bultzatutako ekimen zabalago baten parte da. Izan be, atzerritarren hautesle-erroldan izena emoteko epea urtarrilaren 15ean amaituko da Europar Batasunetik kanpoko personentzat, eta urtarrilaren 30ean Europar Batasuneko herritarrentzat.

Abenduan, Bozkatzea zure eskubidea da izeneko kanpainea aurkeztu eben Foroak Eudelek eta beste eragile batzuek, EAEn bizi diran eta maiatzaren 28an botoa emoteko baldintzak beteten dituen personentzat. 57.412 lagun dagoz egoera horretan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu