Expodistritok erakusketa ibiltariak daroaz Bilboko auzoetara

Bizkaie! 2022-12-30 13:24   Kulturea

Artistek bisita gidatuak egingo ditue, publikoak euren obrea sakonago ezagutu deian.

Bilboko Udalak barriro jarriko dau martxan Expodistrito programea, oraingo honetan 2023. urteko lehenengo hiru hileetan. Erakusketa ibiltariok auzorik auzo ikusi ahal izango dira, doban, eta adierazpide artistiko ugari batuko ditue: eskulturea, pinturea, argazkilaritzea eta arte birziklagarria.

Txandaka, Abando, Begoña, Zazpi Kaleak, Castaños, Otxarkoaga, Errekalde, San Inazio-Ibarrekolanda, San Frantzisko eta Santutxuko udaltegietan ikusi ahal izango dira erakusketak. Modu horretara, Bilboko auzo guztietara zabalduko dau artea Udalak eta, bide batez, artistei euren obrea publikoari hurreratzeko aukerea emongo jake.

Urteko lehenengo hiruhilekoko programazinoan, nabarmentzekoa da Oksana Volos ukrainarrak arte birziklagarriagaz atondutako erakusketea. Volos udabarrian heldu zan Bilbora, gerratik igesean, eta SOS Ukraina plataformeari esker parte hartu ahal izango dau Expodistriton. Topetan dauen guztia arte bihurtu leitekela uste dau: estalkiak, botoiak, kremailerak, tresnak eta lanabesak erabilten ditu bere obretan.

Gervasio Sanchez argazkilariaren lana be aitatzekoa da Expodistritoko proposamenen artean. Makina bat gatazkatan ibili da fotokazetari eta Bilbora ekarri dau argazki sorta bat, gerreak emakumeei zelan eragiten deutsen erakusten dauena.

Beste erakusketak dira Rafael Alonsoren Hiria, loreak, itsasoa... (pinturea); Juanje Agirreren Espazioa, paisaia eta arkitektura (eskulturea); Marta Sagardoyren Bizipenak eta kolorea (pinturea); eta Txoritxikiak bikotearen Gure txori ikusezinak (argazkia eta testua). Ganera, Vicente Ferrer Fundazinoaren eskutik, Bidaia hiri amaigabera argazki-bildumea ikusi ahal izango dogu.

Nobedadeen artean, Bilboko Udalak aurreratu dau bisitaldi gidatuak egingo dituela erakusketa batzuetan. Artistek eurek emongo ditue azalpenak, publikoak sakonago ezagutu deian hareen obrea. Gervasio Sanchezek zezeilaren 15ean egingo dau bisitea, Abandoko udaltegian; Juanje Agirrek martiaren 17an, Zazpi Kaleetako La Bolsa eraikinean; eta Marta Sagardoyk martiaren 3an, Abandon.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu