Derio, Erandio, Loiu, Sondika eta Zamudioren desanexinoaren 40. urteurrena gogoan
2022-12-30 08:19 Pil-pileanBilbotik bereizteko erabagia bidezkoa eta zuzena izan zala dinoe bost udaletako ordezkariek.
Ekitaldi sinbolikoa egin dabe San Roke baseleizearen inguruko parajeetan, Txorierriko bost herri Bilbotik bereizi eta udalerri independente bihurtu ziraneko 40. urteurrena gogoratzeko. Derio, Erandio, Loiu, Sondika eta Zamudio dira eta, bertako bost alkateak ez eze, Bizkaiko Foru Aldundiko Elixabete Etxanobe eta Bilboko alkate Juan Mari Aburto be izan dira ekitaldian. Ondoren, Sondikako Izartza jatetxean biribildu dabe ospakizuna.
Primo de Rivera diktadorearen sasoian sartu zan Erandio Bilbon; beste lau herriak Francoren diktaduran batu jakozan uriburuari. Euren udal gobernua euki eta independente izateko gogoari eutsi eutsen bost herrietan eta, diktadurea amaituta, desanexinorako bidea hasi zan: 1982tik 1983ra bitartean bihurtu ziran udalerri barriro.
San Roken egindako ekitaldian adierazo dabenez, gaur egungo egoerea ikusita, ondorioztau daiteke orain dala 40 urte hartu zan erabagia, bidezkoa izateaz gan, zuzena izan zala. Lau hamarkada geroago, lankidetza estuan dabiz eskualde guztiko udalak: Txorierriko udalerriak bateratuta, hartu-emon ezin hobeagaz, eten barik alkarregaz eta Bilboko Udalagaz lanean ikusteak poztasun parebakoa ekarten dau.
Sinbolikoa izan da San Rokeko ekitaldia, handik ikusten dalako Txorierriren zati zabal bat. Herri bakotxak gorde dauen identidadea nabarmendu eta, aldi berean, inguruko herriakaz batera ekiteko gogoa agertu dabe alkateek. Ganera, orain dala 40 urte desanexinoaren alde lan egin eben persona ugari gogoratu ditue.
Erandio izan zan Bilboren barruan urte gehien egin eban herria, 1940tik 1983ra. Bertako gaur egungo alkate Aitziber Olibanen esanetan, Erandio bizibarritu eban desanexinoak: Gaur egungo Erandio berreregi zan, etorkizunaren eta udalerriko industria-ehunaren oinarriak ezarri ziran.
Beste lau udalerriak 1966an sartu ziran Bilbon, 1983ko urtarrilaren 1era arte. Desanexinoa ospatu beharrekoa dala uste dau Sondikako alkate Xabier Zubiaurrek, persona eta erakunde askok alkar ulertzea lortu ebelako, alkar ulertzea herritarren arazoak konpontzeko oinarria da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!