% 40 handitu da Artium Museoaren bisitari kopurua

Bizkaie! 2022-12-29 13:31   Kulturea

Nabarmentzekoak dira kanpoko bisitarien igoerea eta gazteen presentzia.

Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, Artium Museoak, 70.000 bisitari baino gehiago izan ditu 2022. urtean, hau da, aurreko ekitaldian baino % 40 gehiago. Museoa pandemiaren aurreko mailetara hurreratzen doa eta 2023an maila hori behin betiko lortzea espero dau. Oraindino be ikusleek espazio zarratuen
aurrean daben erresistentzia igarten dan ekitaldian, erakusketetara egindako bisitetan eta eskoletako jarduera-programetan izandako parte-hartzean susperraldi iraunkorra ikusten da. Esangura horretan, esanguratsua da Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko bisitarien hazkundea, bai eta 24 urtetik
beherakoen garrantzia be. Aitatzekoa da, gainera, Erlea Maneros Zabalaren The Voice of The Valley eta Nestor Sanmiguel Diesten La peripecia del autómata erakusketek ArtForum nazinoarteko aldizkari ospetsuaren arretea izan dabela, Maneros Zabalari egindako alkarrizketa bat zein Sanmiguel Diesten erakusketearen aitamen zabala; gainera, azken hau urteko 10 erakusketa onenen artean izentau dau El Cultural aldizkariak.

Ganerakoan, adierazgarria da atzerritik etorritako bisitarien presentzia bikoiztu egin dala 2021koaren aldean, kopuru osoaren % 24ra helduz. Frantzia da bisita horreen jatorrizko herrialde nagusia eta, ondoren, Britainia Handia. Bestalde, bisitarien % 34 beste autonomia-erkidego batzuetatik etorri da, batez be, Madriletik eta Kataluniatik.

Euskal bisitariak 2022ko bisita guztien % 42 izan dira. Arabarren bisitak kopuru osoaren % 29 izan dira eta Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak, barriz, % 13. Oro har, profil horreek erakusten dabe berreskuratu egin dirala 2020. urtearen aurreko jokerak, baina atzerritik etorritako bisitek gero eta inportantzia handiagoa dabela.

Edadearen eta generoaren araberako banaketeari jagokonez, Museoko bisitari gehienak emakumeak dira (% 56, gizonak % 44) eta 44 urtetik beherakoak (% 49, 65 urterainokoak % 37). Era berean, esanguratsua da bisitarien ia laurenak 24 urtetik beherakoak dirala. Pandemiaren ondorioz ia desagertuta egozan 65 urtetik
gorako bisitak be berreskuratu dira (kopuru osoaren % 14).

Interneten esparruari jagokonez, Artium Museoaren webguneek 360.000 bisita izan ditue 2022an eta 740.000 orrialde ikusi ziran guztira. Aitatzekoa da Museoak Youtubeko eta Vimeoko kanaletan argitaratutako bideoek 114.000 erreprodukzino baino gehiago izan dituela 2022an, 8.000 ordu baino gehiagoko
bistaratzea tartean dirala. Sare sozialetako presentziari jagokonez, museoak 7.463 jarraitzaile ditu Instagramen, 28.900 Facebooken eta 17.900 Twitterren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu