Bardintasunaren aldeko eta indarkeriaren kontrako logotipo bila dabiz Busturian

Bizkaie! 2022-12-29 11:27   Kulturea

Lehiaketea antolatu dau Udalak, eta zezeilaren 3ra arteko epea dago parte hartzeko.

Gizonen eta emakumeen arteko bardintasunaren alde Busturiko Udalak hartu dauen konpromisoaren barruan, logotipo barria aukeratzeko lehiaketea ipini dau martxan. Diseinu irabazlearen bidez, bardintasunaren aldeko eta indarkeria matxistearen kontrako mezua zabaltzea da asmoa.

Logotipo barriaren lehiaketan parte hartu nahi dabenek zezeilaren 3ra arteko epea dabe proposamenak bialtzeko. Altamirako Kultur Etxean batuko ditue irudiak. 18 urtetik gorakoek hartu leikie parte eta irabazleari 400 euro emongo deutsez.

Udalak zehaztu dauenez, logotipoak testua edo leloa izan beharko dau, irudiaz gan. Hizkuntza ez sexistea erabili behar da eta irudian emakumeen eta gizonen arteko presentzia orekatua agertu. Koloreak eta teknikea libreak dira.

Behin proposamen guztiak jasota, bardintasunaren aldeko eta indarkeriaren kontrako mezua ondoen erakusten dauen logotipoa aukeratuko dau Busturiko Udalak. Martiaren 3a baino lehen emongo dabe ebazpenaren barri.

Oinarriak hemen (PDF).

Busturian bardintasunaren aldeko apustua egiten dogu, errealidade iraunkorra izan daiten; izan be, bardintasunagaz soilik lortuko dogu balioak daukazan herria izatea, adierazo dau Aitor Aretxaga alkateak. Amumek, amek, alabek eta ilobek bardintasuna bizi eta sentidu daien lan egiten dogu, guztiok, gizon eta emakumeok, indarkeriarik eza defendidu eta aldarrikatu daigun. Jarrera eta espiritu honeek funtsezkoak dira, eta hauxe eta Busturiak bardintasunaren alde daukan konpromisoa logotipoan islatu beharko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu