Euskerazko sormen digitala bultzatzeko bekea dakar Loraldiak

Bizkaie! 2022-12-29 10:25   Kulturea

Proposamenak aurkezteko epea zezeilaren 4ra artekoa da.

Euskeraz egindako proiektu digitalen sortzaileei laguntzeko bekearen deialdia egin dau Loraldia Alkarteak, helburu nagusi bi beteteko asmoz: euskerazko sorkuntza digitala sustatzea; eta ingurune digitalean euskerazko produktu gehiago egotea. Zezeilaren 4ra arte aurkeztu leitekez proposamenak eta irabazleari 10.000 euro emongo deutsez.

Beka hau pausu bitan gauzatuko dau Loraldiak. Lehenik eta behin, 10.000 euroko laguntzinoa erabilita, aurkeztutako proiektu digitala sortu beharko dau irabazleak, gehienez urtebetean. Bigarrenik, 2024ko Loraldia Festibalaren egitarauaren barruan sartuko da.

Mundu digitaleko proiektuak aurkeztu leitekez deialdira, baina, diziplina artistikoari jagokonez, danetarikoak onartuko ditue: musikea, arte eszenikoak, arte plastikoak, bertsolaritzea, rol jokoak, gastronomia, interneteko baliabideak... Adierazmolde bat baino gehiago buztartu ahal izango dira.

Banaka zein taldeka aurkeztu leitekez proiektuak. Loraldiaren arduradunek azaldu dabenez, epaimahai profesional batek erabagiko dau bekea nori emon. Oinarriak eta parte hartzeko prozedurea, hemen.

2024ko Loraldian ikusiko dogu bekearen emoitzea, jaialdiaren 10. edizinoan. Aurretik, baina, bederatzigarrena be egingo dabe, 2023ko martiaren 9tik 26ra, Mailua gara goiburupean. Ohiko moduan, euskerazko sorkuntza artistiko eta ikuskizun barritzaileenek hartuko dabe Bilbo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu