'Los gudaris del balón' plazaratu dau Joseba Gotzon bizkaitarrak

Bizkaie! 2022-12-29 08:30   Kulturea

Txalapartak argitaratu dau.


1937ko zezeilaren 7an, San Mamesen, Agirre lehendakaria.

Luis Regueiro Euzkadiko kapitaina Oxo kopea jasoten.

1937-1939 aldiko euskal selekzinoa kirola alkartasun eta propaganda helburuetarako erabili eta Gerra Zibilean mundu osoan zehar ibilitako goi mailako futbolariek osotzen eben. Saiakera honek, testu eskuragarrien eta sasoi bateko argazkien bitartez —batzuk argitaratu bakoak— batzen ditu Euzkadi taldeak sasoi haretan izandako esperientziak eta lorpenak, kirol arlokoak zein humanitarioak.

Baloiaren gudariak 1936ko gerran euren arma onenagaz, baloiagaz, burrukan ibili ziran futbol zelaiak jentez ganezka eta euren bildumakaz gerrako zailtasunak arintzea lortu eben eta kokatu Euskal Herria munduko mapan.

Gerrea hasi eta bederatzi hilebetera, 1937ko apirilean, José Antonio Agirre Lehendakariak Euzkadi izenagaz euskal futbol selekzinoa bultzatu eban Eusko Jaurlaritzearen aldeko lan humanitario eta propagandea egiteko helburuari eutsiz. Taldean garai haretako jokalari onenetako asko egozan eta ospe horri esker, alkartasun helburuetarako diru asko batu eben. Urte bi eta erdi herrialde askotan ubili ostean, taldea desegin zan 1939ko abuztuan eta sasoi haretan, Mexiko jokalarientzako aterpe seguru eta oparo bihurtu zan. 1915ean lehen euskal selekzinoa sortu zanetik, 1937tik 1939ra arteko aldia historia eta kirol mailan parte garrantzitsuena da.

Joseba Gotzón Varela

Kantautorea, idazlea eta eskultorea da. Nazinoarteko bira askotan aurkeztu dituan hamazazpi disko argitaratu ditu, Italia, Portugal, Georgia, Argentina, Brasil, Kuba eta Mexiko lako herrialdeetan. 2018an eskulturearen munduan sartu zan eta ordutik okotismoagaz lotutako lan ugari egin ditu. Arlo honetan lau liburu idatzi ditu eta Portugaleten Nazinoarteko Zortzikote Jaialdia zuzentzen dau. 1997 eta 1999 artean Portugaleteko musikearen historia batu eban bost liburukitan. 1998an, Euskal Futbol Selekzinoari buruzko liburu bat argitaratu eban, Nortasuna oroigarri diskoagaz batera eta 2015ean, mendeurrenagaz bat eginez, Basque Football Team 100 years 1915-2015 ikerketea argitaratu eban lau liburukitan. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu