Frida Kahlori buruzko bost begirada, Bilboko Euskaldunan
2022-12-29 08:55 KultureaElixabete Mendiberen obrak urtarrilaren 29ra arte ikusi ahal izango dira.
Elixabete Mendibe artista plastikoarentzat erreferentea da Frida Kahlo mexikarra (1907-1954), sormenerako inspirazinoa. Kahlo oinarri hartuta egin dituan bost koadro Bilboko Euskalduna Jauregian ipini ditu ikusgai, urtarrilaren 29ra arte. Sartzea doban da.
Mendiberen eta Kahloren begiradek bat egiten dabe Una mirada sobre Frida: fusión de horizontes izeneko erakusketan. Mexikarraren gaitasun hilezkorra osotzen daben sekretu eta fantasietan oinarritutako bost erretratu dirala dino autoreak. Artista eta emakume lez agertu nahi izan dau Kahlo.
Koadro bakotxean emozino diferenteak erakutsi ditu Mendibek, Kahloren figureagaz olgetan eginez, baita beste kontzpetu batzuk be, esate baterako, naturea, mina, berbea, edertasuna eta tradizinoa. Publikoari emozino sakonak eragiteko gaitasun handia dau Kahlok, Mendiberen ustez.
Erretratuak egiteko teknikea be aitatzekoa da. Oihala oihalaren ganean da Mendibek emon deutsan izena. Izan be, oihalezko oinarriaren ganean sortu ditu bost obrak, pixkanaka formak, bolumenak eta detaileak gehituz. Esperimentazino eta ikerketa prozesu luzea behar izan dau teknika horregaz nahi dauen efektua lortzeko, baina, autoreak azaldu dauenez, emoitzea ederra da, erabilitako materialen ezaugarrien arabera koadro bakotxak transmitiduten dauena aldatu egiten dalako.
Frida Kahloren figurea ikono bihurtu da, XX. mendeko artearen erakusgarri eta Mexikoren sinbolo. Bost koadroek emozino eta kontzeptu diferenteak agertzen dituen arren, danetan dagoz hiru elementu, Kahlogaz betidanik lotu izan diranak: buruko loraduna, ulea eta mantua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!