Kalidade handiko proposamenak 2023an Santurtziko Serantes Kultur Aretoan

Bizkaie! 2022-12-29 07:55   Kulturea

Lehenengo hiruhilekoko sarrerak aurtengo abenduaren 29tik erosi ahal izango dira.

Santurtziko Udaleko ordezkariek 2023ko lehenengo seihilekoan (zehatzago, urtarrila-maiatza epean) Serantes Kultur Aretoak dakarren programazinoa aurkeztu dabe: estilo eta gustu guztietako 21 ikuskizun dira, horreetatik lau, umeentzat. Askotarikoak, dibertigarriak eta, batez be, kalidade artistiko handikoak dira, Karmele Tubilla zinegotziaren esanetan. Ospe handiko aktoreak dituen obrak ikusi eta gozau ahal izango doguz.

Maiatzera bitarteko ikuskizunetako sarrerak gaur, abenduak 29, hasiko dira saltzen. Aretoko txarteldegian ez eze, www.serantes.com webgunean be erosi leitekez.

Era askotako ikuskizunak dakarz 2023ko egitarauak. Esate baterako, zezeilean, Neomak dator Santurtzira, trikitrixea eta soinu elektronikoak buztartzen dituan taldea. Maiatzean, Salvador Sobralek igongo dau oholtzara eta Giacomo Pucciniren opera ospetsu batez gozau ahal izango dogu: Turandot.

Jantzeari jagokonez, Serantes Kultur Aretoak hiru ikuskizun eskainiko ditu: Bailar Agora, komediaren, auto-fikzinoaren eta jantzearen konbinazinoa; Zarra, Adriana Bilbaorena; eta Dantzaz konpainiaren Quo. Hiru saioak ikusteko abonu berezia plazaratuko dau Serantesek, 18 euroan.

Antzerkizaleek be izango dabe non aukeratu. Muerte de un viajante, Imanol Arias aktore nagusi dala, Santurtzira helduko da, baita publikoak hain gustoko dituan El peligro de las buenas compañías eta Decadencia be. Adolfo Fernandez (El nadador de aguas abiertas), Ramon Ibarra eta Asier Hormaza (Muchos amigos negros) be oholtzan ikusiko doguz.

Euskerazko antzezlanen artean, komedia bi dagoz: bata, Joseba Apaolazaren Sagastitarrak; bestea, Aitziber Garmendia, Mireia Gabilondo, Iñigo Aranburu eta Iñigo Azpitartek antzeztutako Ez naiz Dublinen egon.

Umeen programazinoko lau ikuskizunak euskeraz izango dira. Lehenengoa Munduari itzulia 80 egunean izango da, Batetik bestera etorriko da ondoren eta QELONIA eta Arrainak bihotzean be badagoz egitarauan.

Ikusi programa osoa hemen (PDF).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu