Bilboko Akordeoien Orkestreak Arte Ederretako Urrezko Dominea eskuratu dau

Bizkaie! 2022-12-28 08:24   Kulturea

Karra Elejalde eta Patxi Mangado be gogoan hartu ditue aurtengo edizinoan.

Espainiako Gobernuaren Kultura Ministerioak emoten dau Arte Ederretako Merituaren Urrezko Dominea, sorkuntzan eta artean nabarmendu diran persona eta erakundeen ibilbideari autortzea egiteko. 2022ko deialdiari jagokon dominea jasoko dabenen artean dago Bilboko Akordeoien Orkestra Sinfonikoa, datorren urtean 60 urte beteko dituan proiektu musikala.

1963an sortu eban Josu Loroñok Akordeoien Orkestrea eta gaur egun haren alaba Amagoia Loroñok zuzentzen dau. Sei hamarkadako bidean, ospe gitxiko instrumentu herrikoi izatetik goi mailako musikearen zirkuituetan agertzera eroan dau akordeoia orkestreak, loroñotarren lan aitzindariari eta proiektuaren parte izan diran musikari guztiei esker.

Gaur egun, akordeoia oinarrian daben kontzertu handiak atontzeko gai dira, publiko gazteari zein helduari egokituak, estilo ugaritan eta errepertorio zabalean oinarrituta. Esate baterako, Gabonetako ikuskizun berezia egin eben abenduaren 21ean, BBK Salan, Gabonak lagun eta hauspo artean izenburupean.

Ilusino iturri da lanean eta gure jentea hunkitzen segiduteko, adierazo dau Amagoia Loroñok sare sozialetan. Duda barik, gure hauspoarentzat ez eze, saria nire bihotzeko Bilborentzat be bada. Orkestrearen sortzailea, Josu Loroño, gogoan izan dau.

2022ko Arte Ederretako Merituaren Urrezko Dominea 33 norbanako eta entidaderi emon deutse. Bilboko Akordeoien Orkestreaz gan, irabazleen zerrendan dagoz Karra Elejalde aktore arabarra eta Patxi Mangado arkitekto nafarra.

Irabazleen zerrenda osoa hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu