Mosku eta Donostia artean kokatu dau Olatz Urkiak bere lehenengo nobelea

Bizkaie! 2022-12-27 11:07   Kulturea

Ondo ezagutzen dituan uriak dira, baina El buho de Ravel ez da autobiografikoa.

Olatz Urkia, liburuaren ale bat sinatzen (argazkia: Txalaparta) | Ikusi handiago | Argazki originala

Olatz Urkia kazetari donostiarrak El buho de Ravel nobelea plazaratu dau, Txalaparta argitaletxearen eskutik. Komunikabideetan eguneroko informazinoa zehatz kontetera ohituta dagoan arren, oraingo honetan fikzinora jo dau, autorea inguratzen daben erreferentziaz betetako liburuan.

Izan be, Urkiak ziurtatu dauenez, kontakizuna ez da autobiografikoa; personaia nagusiaren ezaugarri asko eta autorearenak alkarren kontrakoak dira. Baina Urkiaren azken urteotako ibileren arrastoa agirikoa da, batez be lekuetan.

Mosku da liburuan gehien agertzen dan lekua, idazleak luzaroan bizileku izan eban uria hain zuzen. Benetan ezagutu zituan kaleak, plazak eta etxeak sartu ditu kontakizunean, gomuta eta sensazinoetan oinarrituta eta Errusiako uriburuari omenaldia egin guran.

Donostia da Moskuren kontrapuntua El buho de Ravel-en, hau da, Olatz Urkiaren jaioterria, handik kanpo urteak daroazan arren. Joane protagonisteak erabagi dau Donostiatik Moskura joatea, pianista profesionala izateko asmoz. Han ezagutuko dau Olga, eta argi-ilun askoko loturea izango da bien artekoa.

Obsesinoetan gero eta sartuago, ingurukoak be gero eta estuago eta mundua gero eta dekadenteago, Joane zuloaren hondo-hondora doa, baina, beharbada, hoztasun hori izango ete da Bach-en piezak ulertzeko giltzarria?

Txalaparta argitaletxeak dinoanez, ikutu inpresionistadun liburua da El buho de Ravel, sensazino fisiko ugari eragiten dituana, baina protagonisten psikologian be sakontzen dauena. Galdera batek zeharkatzen dau kontakizuna: erabateko lehentasun lez, aukeratu geinke artearen eta maitasunaren artean?

Euskal Herritik urten ebanetik, makina bat lekutan bizi izan da Olatz Urkia, besteak beste, Moskun, baina baita Krimean be. Ondoren, Ekialde Urrunera jo eban eta urte batzuk daroaz Txinan. EITBren barriemole da han.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu