Juncal Ballestín Ikerketarako Nazinoarteko Bekea martxan dago
2022-12-27 09:25 KultureaBekea eskatzeko azken eguna urtarrilaren 31 izango da.
Artium Museoa - Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak Juncal Ballestín Nazinoarteko Bekea deitu dau, arte feministearen historiografiari eta museoko bildumeagaz zerikusia daben emakume artistei buruzko ikerketa-proiektuak laguntzeko.
Euskal Emakume Artisten eta Praktika Artistiko eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazino Zentroari atxikia, deialdi honen helburua ikerketa-proiektu bat aukeratzea da, Euskal Herriko eta nazinoarteko arte feministearen historiografiari ekarpen esanguratsua egingo deutsona eta/edo museoaren eta bere Bildumako programazinoagaz zerikusia daben emakume artista eta pentsalarien produkzinoa aztertuko dauena. Parte-hartzeko oinarriak Artium Museoaren webgunean dagoz eskura.
Deialdi honetara edozein nazionalidadetako ikertzaileak aurkeztu daitekez, edade-muga barik, banaka zein hautagaitza bateratua aurkezten dauen kolektibo bateko kide legez. Eskatzaileek bekearen iraunaldian jorratzekoa izango dan ikerketa-proiektu bat, argitaratu bakoa, aurkeztu beharko dabe. Iraunaldi hori bederatzi hilebetekoa izango da, onartzen dan egunetik zenbatzen hasita.
Ikerketea jorratzeko bideratutako gehieneko zenbatekoa 7.000 eurokoa izango da eta honako honeek jaso beharko ditu: Ikertzaile(ar)en ordainsariak eta ikerketearen garapenak eragindako gastuak. Eskabideak aurkezteko azken eguna 2023ko urtarrilaren 31 da. Ondokoak dira hautapen-batzordeak kontuan hartuko dituanak: Proiektuaren interesa, eskatzailearen profil profesionala eta ikerketa-proposamenaren egokitasuna Artium Museoaren helburuen artean.
Informazino gehiago izateko deialdiaren oinarriak konsultau hemen. Interesdunek Artium Museoaren webgunea aztertu leikie edo helbide elektroniko honetara jo: ikerketa_investigacion@artium.eus.
Euskal Emakume Artisten eta Praktika Artistiko eta Artearen Teoria Feministen Ikerketa eta Dokumentazino Zentroa Artium Museoak artearen orainagaz eta historiagaz dauen konpromisoa ardatz hartuta sortu da, bai eta emakume artistak eta teorialari feministak diziplinaren narratibetan sartzeko ─hareen ekintza-eremuetan zeharka sartzeko─ dauen betebehar horretatik be.
Zentroaren helburuen artean honakoak dagoz: Euskal emakume artisten eta museoaren bildumeagaz eta haren programakaz zerikusia daben emakume artista eta pentsalarien dokumentazinoa eta artxiboak batu, konserbau eta zabaltzea, bai eta praktika artistikoari eta pentsamendu feministeari buruzko ikerketeari laguntzen deutsen iturri bibliografiko eta dokumentalak identifikau eta zabaltzea be.
Artium Museoak atontzen dauen nazinoarteko ikerketa-bekeak Juncal Ballestín (Gasteiz, 1953-2015) artistearen izena dauka. Ballestínen bizi-ibilbidea konpromiso feministeak markau eban eta, haren obreari jagokonez, askotariko materialak, bitartekoak eta teknikak erabilteagaitik bereizi zan: Pinturea, marrazkia, instalazinoa, bideoa, lan grafikoa... 2021ean, Anesvad GKEak, haren ondarearen oinordeko danak, artistearen obrea eta artxiboa emon eutsozan museoari. Urte horretan bertan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak ikerketa-beka bat sortu eban artistearen oroimenez, orain beste deialdi bat plazaratzen dauen hauxe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!