Urtarrilaren 15ean hasiko dira 2023ko Zuberoako Maskaradak

Bizkaie! 2022-12-27 08:24   Kulturea

Maule-Lextarreko gazteek 15 saio egingo ditue apirilera arte.

Maskaradea Barkoxen, 2009an (Wikipedia, CC-BY-SA) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zuberoako kulturearen adierazpide ezagunen artean dagoz maskaradak, urtero-urtero ibilten dira hango gazteak herririk herri tradizinoa barritzen, jantza, antzerki zein adar-joteen bidez. 2023ko maskaradak atontzea Maule-Lextarreko gazteei egokitu jake aurten eta prest dabe egutegia.

Dantzan.eus atariak zabaldu dauenez, Urtarrilaren 15ean izango da lehenengo saioa, Lextarreko plazan; azkena, apirilaren 22an, Maule ganeko errebotean. Danetara, 15 emonaldi izango dira, astero bat, Zuberoako 13 herritan. Maule-Lextarre 2007tik egon da maskaradak antolatu barik. 2022an Atharratze eta Alozekoak arduratu ziran.

Hain zuzen be, Atharratzen izango da bigarren saioa, urtarrilaren 22an. Pagolara joango dira 29an. Zezeilean, lau emonaldi ditue aurreikusita: Mendikota (5), Gamere (11), Ürrüstoi (19) eta Altzürükü (25).

Martian beste lau: Muskildi (4), Idauze Mendi (11), Zalgize (19) eta Urdiñarbe (26). Azkenik, apirilean, Larrainen (2), Barkoxen (9) eta Sohütan (16) izango dira, Mauleko azkenaren aurretik.

Ekitaldiak goiz eta arratsaldekoak izaten dira, ordutegi zehatz barik. Maule-Lextarreko gazteak ikusiko doguz personaia nagusien azalean: Jaun-andreak, laborariak, Zamaltzaina, kantiniersak, buhameak, Pitxu, Hartza... Betiko lez, talde bitan banatuko dira, gorriak eta baltzak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu