Marijaiaren jaubetza intelektuala, Bilboko Udalaren esku

Bizkaie! 2022-12-22 13:28   Kulturea

Mari Puri Herrerok sortu eban Aste Nagusiko personaia ospetsua, 1978an.

Itziar Urtasun, Mari Puri Herrero eta Juan Mari Aburto, udaletxean, Marijaiaren arpegiaren moldeagaz (argazkiak: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Udaletxean egin dabe Marijaiaren ganeko jaubetza intelektuala eskuz aldatzeko ekitaldia. Aurrerantzean, Bilboko Udalarenak izango dira jaietako personaiari jagokozan eskubideak, hau da, banaketa, komunikazino eta erreprodukzino eskubideak. Mari Puri Herrero artistea, Marijaiaren sortzailea, ekitaldian izan da, baita Juan Mari Aburto alkatea be, Gonzalo Olabarria eta Itziar Urtasun zinegotziek lagunduta.

Herrerok 1978an sortu eban Marijaia, Bilboko Aste Nagusiko Jai batzordeak eskatuta. Urterik urte, bilbotar eta bisitarien gogoko personaia bihurtu da, uriko jaien sinbolo nagusia. Orain arte, Mari Puri Herrerok berak izan dau jaubetza intelektuala.

Juan Mari Aburtok azaldu dauenez, Marijaia figura garrantzitsua da uriarentzat: Jaietako andra handia da, eta ha ikusteak pozez bete ohi gaitu; eta zer esan jaiez gozau nahi dogun guztiok batzeko dauen gaitasunaz. Lau hamarkada baino gehiagoan auzotarren bidelagun bihurtu da, Bilbon ez dogu ulertzen Marijaia bako jairik, alkatearen ustez.

Marijaiaren eskubideak eskuratzeko erabagia 440.000 euroan balorau dau Udalak. Aburtok aurreratu dauenez, Bilboko Aste Nagusiaren hurrengo edizinoetarako eskuliburua atonduko dabe, Marijaia eregiteko behar diran zehetasun guztiak batzeko. Era horretara, Mari Puri Herreroren urteroko lan artistikoak jarraipena izango dau.

Izan be, lehenengo Marijaia 1978ko abuztuan agertu zan arren, ez da ahaztu behar urtero erreten dabela, Aste Nagusiko azken egunean. Hortaz, Marijaia barri bat egiten da urtero, neurri handikoa, antxinako erraldoien erara.

Erropa tradizionalez jantzitako emakumea da Marijaia, zapi koloretsua buruan, irribarrea ahoan eta besoak altzauta, beti jantzan dagoalako. Bilboko Aste Nagusiko momentu garrantzitsu guztietan egoten da, esaterako, txupina jaurtiten danean, pregoiaren ostean.

Marijaia egiteko moldeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu