'Liburuaren Arbola' erakusketa ibiltaria Zornotzara heldu da
2022-12-22 09:24 KultureaLiburuen ezaugarriak, formak eta atalak azaltzen ditu.
Euskerearen Etxeak atondutako Liburuaren Arbola erakusketeak beste geldialdi bat egingo dau, oraingo honetan Zornotzako Zelaieta Zentroan. Amorebieta-Etxanoko Udalak azaldu dauenez, urtarrilaren 12ra arte egongo da bertan, 09:00etatik 21:30era zabalik.
Erakusketearen helburua da liburuaren izakerea azaltzea: letrak, idazketea, diseinua, inprimaketea… Bisitariak ezagutu ahal izango ditu letren anatomia, testuen formak, liburuaren atalak eta honeen izenak zeintzuk diran euskeraz.
Arbola baten modukoa da liburua, Euskerearen Etxeko kideek azaldu dabenez: Arnasea emoten dau, babesa eta gerizpea, edertasunaren plazera eta argiaren sintesia. Liburuak zure jakin mina, pentsamenduak eta hizkuntzea oxigenetan ditu, eta zabaldutakoan, besarkatu egiten zaitu. Abentura bat da irakurtea, desirearen eta askatasunaren lurralde zirraragarrietan.
Martitzen eta eguenetan bisita gidatuak egingo ditue, erakusketea aditu baten azalpen eta guzti ikusi nahi dabenentzat. Bisita goizean egin nahi dabenek (ikastetxe, euskaltegi eta alkarteek, esaterako), aldez aurretik hartu beharko dabe hitzordua eta honeek ordutegiok izango ditue aukeran: 10:00, 11:00, 12:00 eta 13:00.
Arratsaldez, ostera, 17:00etan eta 18:00etan hasiko dira bisita gidatuak, baina ez da aldez aurreko erreserbarik behar. Goizez zein arratsaldez, bisitak ordubete ingurukoak izango dira eta euskeraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dira. Goizean, talde bakotxak aukeratuko dau hizkuntzea eta, arratsaldez, txandakatu egingo ditue euskerazko eta gaztelaniazko saioak.
Erreserbak Euskerearen Etxeak kudeatuko ditu. Interesa dabenek 944 02 80 81 telefonora deitu (astelehenetik barikura, 08:00-20:00) edo info@euskararenetxea.eus helbidera idatzi leikie. Erreserbak gitxienez 48 ordu lehenago egin behar dira.
Orain arte, Portugaleten, Ondarroan eta Getxon ikusi ahal izan da Liburuaren Arbola. Zornotzan urtarrilaren 12ra arte egongo da eta azken geldialdia Gernikan egingo dau zezeilaren 7tik martiaren 5era.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!