'Cabaret Chihuahua' bueltan da 10. urteurrena ospatzeko
2022-12-22 08:04 KultureaAbenduaren 22tik urtarrilaren 7ra arte.
Gabon gauak animetako, P6ko Antzerki Laborategiko Cabaret Chihuahua, 2022. urteari amaierea emoteaz eta 2023ai ondoetorria emoteaz arduratuko da.
2013an estreinautako antzezlanak upealako erantzuna izan eban eta 10. urteurrena ospatzeko prest dagoz. 10 urte honeetan zehar, 200 saio baino gehiago eskaini ditue, 17 antzezle pasau dira eta hainbat bitxikeri eta gomuta gordeten ditue.
Felipe Lozak sortu eta zuzendutako komedia musikal lotsabakoa giro euskal mexikarrean oinarritzen da eta bertan kontetan dan istorioak, zoritxarrez, gaurkotasuneko gaia izaten jarraitzen dau. Hiru urteko krisialdia zan berbagai antzezlanaren estreinaldian, oraingo honetan, barriz, 12 urte aitatzen dira. Lan-prekariedadea, etxebakotzeak, bankuen abusua, lehen munduko arazoak, miseria, bere horretan jarraitzen daben gaiak dira antzezlanean azpimarratzen diranak. Gai horreek jorratzen badira be, antzezlana zuzeneko musika eta umore handiko komedia dibertigarria da.
Onirikoaren eta benetakoaren arteko mugan, personaia ikonikoak ikusiko ditugu taula gainean: Minelly, Monroe, Winehouse, Cantinflas, Freddie, Frida, Montserrat Caballé, Sabino Arana edo, beste era batera esanda, Iñaki Maruri/Adrian García de los Ojos, Itxaso Quintana/Olatz Ganboa, Quique Gago, Jon Casamayor, Irene Bau, Diego Pérez/Unai Izquierdo, Mitxel Santamarina/Karmele Larrinaga eta Ugaitz Alegria izango dira hurranez hurran aitatutako personaiak gorpuztuko dituen aktoreak.
Azkenik, aitamen berezia ikusleentzat. Cabaret Chihuahuaren aurrean izandako erantzuna txalogarria eta eskertzekoa izan da urte honeetan guztietan; ikusle horreen erreakzino, iruzkin eta ahoz-ahoko gomendioei esker antzezlana hamarkada batez ibili da hara eta hona. Herri askotan izan dira eta euretako askok behin baino gehiagotan errepetidu dau antzezlana ikusten joateko aukerea.
Antzezlana giro alai eta onean, lagunartean, familiartekoakaz, bikoteagaz, lankideakaz zein edozeinegaz ikusteko plan ezin hobea da. Emonkizunak abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra antzeztuko dira (konsultatu ordutegiak hemen). Ikuskizunak 110 minutuko iraupena dau (deskantsua gogoan hartuta). Sarrerak eskuragarri dagoz .
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!