'Kantu hau kantatu', Jon Maiaren abesti barria

Bizkaie! 2022-12-21 13:32   Musikea

Abenduaren 28ko kontzertu handiaren atarian plazaratu dau.

Urtebete joan da Jon Maiak Kantu bat gara disko-liburua plazaratu ebala. Zuzeneko kontzertuetan dabil bertako kantuak aurkezten, baina abesti barriak sortzeko lana ez dau alboratu. Horren emoitzea da Kantu hau kantatu, egunotan sarean zabaldu dauen pieza barria, autorearen barru-barruko begirada eta galderetan oinarritua. Kantua eta bideoklipa ditu.

Ikusi eta entzun bideoklipa hemen.

Nacho Sotok ipini deutse musikea Jon Maiaren berbei, eta grabazinoan kolaboratzaile ugariren laguntzinoa izan dau zumaiarrak. Besteak beste, Pello Ramirez (txeloa), Gorka Hermosa (akordeoia), Martin Kortaberria (biolina) eta Nerea Quincoces (perkusinoa) izan ditu alboan.

Bideoan agertzen dira, ganera, Maïmouna Fofana eta Elizondoko Abesbatza Ttipia. Elkar estudioetan egin dabe grabazinoa, Victor Sanchezegaz eta Jon Maia bera zuzendari dala.

Kantu hau kantatu galdera bati emondako erantzuna da: Zelan heltzen da Jon kantu hau kantetera?. Elkar diskoetxeak dinoanez, garenari buruz hausnartzen dau autoreak, bere-berea dauen begiradatik. Kausalidadeen eta kasualidadeen ondorio garela be badino, jazoera historikoena, erabagi personalena eta zelan ez, zoriarena.

Erreferente kultural eta sozialez beteta dator kantu barria. Alderdi formalean be, ondo landuta dago Kantu hau kantatu, bertso erako zati luzeak eta lelo laburrak tartekatuta, errima bakarrean txirikorda eta konkatenazino bihurria sortu arte.

Kantu bat gara disko-liburuaren proiektua aurkezteko kontzertuen artean, Jon Maiak datorren astean Donostian egin behar dauen saio solidarioa nabarmentzekoa da. Abenduaren 28an da hitzordua, Kursaalean, eta oholtzan lagun ugari izango ditu Maiak, esate baterako, Eñaut Elorrieta, Amets Arzallus, Lucia Lacarra, Matthew Golding eta Antton Telleria.

Kontzertuan batutako dirua alkarte solidario birentzat izango da: Irungo Harrera Sarea da bat, Bidasoa ibaia zeharkatzeko asmoz heltzen diran etorkinei babesa emoten deutsen taldea; bestea, Kaleko Afari Solidarioak, Donostian etxe barik dagozanei afariak emoteaz arduratzen dana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu