Urte biko etenaren ondoren, Olentzero eta Mari Domingi Bilbon izango doguz
2022-12-21 09:23 KultureaAbenduaren 23ko desfilea arratsaldeko 18:00retan hasiko da.
Barrikuntzea izango da Moyua plazeari buelta osoa emon eta Kale Nagusitik jarraituko dauela kalejireak Arriaga Antzokiraino (zirkulazinoaren kontrako noranzkoan).
Personaia barriak egongo dira: Hiru ipurtargi, euren argiagaz kalejirea Arriaga Antzokiraino gidatuko dabenak.
Abenduaren 24an (zapatua), 11:00etatik aurrera, Olentzerok eta Mari Domingik harrerea egingo deutse, Arriaga Antzokian, eurak agurtzera eta euren gutuna eskura emoten hurreratzen jakezan umeei.
Aurten, Arriaga Antzokiko harrerarako sarrerak doban eta online eskuratu ahal izango dira hemen , abenduaren 22ko (eguena) 10:00etatik aurrera.
Olentzerori eta Mari Domingiri harrerea egin deutse Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak eta, alkarregaz, hareek Bilbon egoteak eskatzen dauen operatiboa errepasau eta uriaren eta bilbotarren gaur egungo egoereari buruzko eretxiak konpartidu ditue.
Urteko une magikoenetakoa dan hori hemen dago eta Itziar Urtasunek esan dauen moduan, murrizketek markautako urte bi eta gero, ilusinorako, kaleak magiaz, argiz eta kolorez beteteko sasoia dagu barriro. Gabon bereziak izango dira, Olentzero eta Mari Domingi gogoratzen ez dituen edo ezagutu ez dituen ume askorentzat. Aurten, gure kaleetara bueltau dira biak, helburu bakar bati eutsiz: Guri irribarrea bueltetea.
Txikienentzako momenturik gogoangarriena abenduaren 23an (barikua) izango da: 18:00etan, Carlton Hoteleko balkoitik (Moyua plaza) agur egin eta gero, Olentzerok eta Mari Domingik, Bilbora urtero etorten diran personaia magiko horreek, kalejireari ekingo deutse.
Kalean, Olentzerok egurrezko bere pottoka handiaren bridak berreskuratu eta hor joango dira Mari Domingi, antzarrean, Basajaun, trizikloan eta Lamia, desfilea girotzen bere ahots ederragaz. Ez dira bakarrik egongo. Eta, familien eta koadrillen ilusinoa are gehiago pizteko, eta Olentzeroren segizinoa bidean galdu ez daiten eta uriko etxe guztietara heldu daiten, Galtzagorrien talde bitxiari kide barriak batuko jakoz: Hiru ipurtargi erraldoi.
Arriaga Antzokian, arratsaldeko zazpiak aldera, Olentzeroren musikari-bandea joten hasiko da eta kalejirako kide guztiek izango dabe tartetxua eskainiko daben antzerki-musikal ikusgarrian parte hartzeko.
Arriaga plazan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak ondoetorria egingo deutse personaia magikoei eta tradizinoari eutsiz, Arriaga Antzokiko balkoitik bertaratutako guztiak agurtu eta Olentzero eta Horra Mari Domingi abestiak kantauko ditue herritarrakaz batera.
Agurraren eta abestien ostean, Olentzero eta Mari Domingi antzokiaren barrualdera joango dira deskantsetan, hurrengo egunerako indarrak hartzeko.
Olentzerok eta Mari Domingik abenduaren 24rako (domeka) indarrak gordeko ditue, izan be, egun horretan, goizean, Bilboko umeak hartuko ditue, gurariz betetako gutunak jasoteko; eta, gauean, Bilboko etxe guztietatik igaroko dira.
Goizeko 11:00etatik aurrera, Arriaga Antzokia umez bete eta aukerea izango dabe Olentzero eta Mari Domingi agurtzeko eta beren gutunak eskura emoteko.
Aurten, itxarote-denporak ahalik eta laburrenak izan daitezen, Udalak online jarriko ditu sarrerak (1.500). Herritarrek doban lortu ahal izango ditue hemen.
Sarrerak abenduaren 22ko (eguena) 10:00etatik aurrera egongo dira eskuragarri. Erreserba bakotxeko, NAN bategaz, 4 edade txikikoentzako sarrerak jaso ahalko dira. Edade txikikoak heldu bik lagunduta joango dira, gehienez (helduek ez dabe gonbidapenik beharko).
Gainera, zain egoteko denporea samurtzeko, Udalak zenbait jarduera programau ditu antzokiaren kanpoaldean, goiz osoan zehar. 11:00etan hasiko dira, talo-tailer bategaz eta makillaje artistikoko postuakaz. Eguerdiko 12:30ean, barriz, Deabrukeriak-en antzerki-ikuskizuna eskainiko dabe: Plaza Abordaia! umeentzako erromeria.
Horrezaz gan, Arenalean bertan, Ein GO Kantan eta Dantzan taldeak eguna girotuko dau Gabon sasoiko kantutegiagaz, familia guztiek gozau eta parte hartu deien.
Bilboko Udalak hamarkada bi baino gehiago daroaz aisialdi inklusiboa sustatzeko politikak eta programak jorratzen. Esangura horretan, irisgarritasun-neurriak hartzen dira, dibetsidade funtzionala daben legunek be uriko jai-ekitaldiez gozau deien.
Olentzero eta Mari Domingiren kalejiran leku bat egongo da ezintasunak dituen personentzat, Arriaga plazan: 18:00etan, eremu bat atonduko da, behar daben guztiek erabili deien, edukierea bete arte.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!