Piszifaktoria Ideien Laborategiak irabazi dau II. Hi(ZKI)bridoak laguntzinoa
2022-12-20 11:17 KultureaHau gerra bat da proiektua 2023an amaituta egongo da.
Euskerazko kultur ekitaldien sorkuntzarako Hi(ZKI)bridoak laguntzinoaren deialdia bigarrenez egin dau aurten Bilboko Euskerearen Etxeak. Epaimahaiaren ebatziaren arabera, Laudioko Piszifaktoria Ideien Laborategiak irabazi dau 3.000 euroko saria, Hau gerra bat da proiektua gauzatzeko.
Gerrea da egitasmo horren ardatza, gerreak dakarren sufrimendua eta mina. Gero eta beharrezkoagoa begitantzen jaku gerrearen terroreaz berba egitea, terrorea urruntzeko modu bakarra izan daitekeelako, azaldu dabe Piszifaktoriako kideek. Ia barne-bidaia baten modura marraztuko dogu gerra hau.
Diziplina artistiko ugari buztartuko dituan obrea izango da Hau gerra bat da, Piszifaktoriakoek dionenez, polifonia erritmiko bat. Lau alor, gitxienez, landuko ditue: berbea, musikea, jantzea eta mobimendua edo antzerki fisikoa. Rapsoda bat, antzezle bat, jantzari bat eta musikari bat arduratuko dira guztia josteaz, aurreratu dabe.
II. Hi(ZKI)bridoak deialdian, bost lagun egon dira epaimahaian: Eneko Sagardoy (aktorea), Lutxo Egia (idazlea), Haizea Barcenilla (arte-kritikaria), Onintza Enbeita (bertsolaria) eta Iurdana Acasuso (Azkue Fundazinoko zuzendaria).
Epaimahaikoek Hau gerra bat da proiektuaren alderdi bi nabarmendu ditue gehienbat: batetik, ikus-entzuleen inplikazino aktiboa bilatuko dauela; bigarrenik, formatu barritzailea dakarrela. Ganera, proposamenaren sendotasuna eta lanketea be aitatu ditue bost epaimahaikideek.
3.000 euroko laguntzinoa erabilita, Piszifaktoria Ideien Laborategiak proiektua gauzatu beharko dau hurrengo hileetan. Asmoa da 2023ko Hi(ZKI)bridoak kultur zikloan obrea emon ahal izatea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!