Juanra Madariagak irabazi dau Blas de Otero-Angela Figuera Saria

Bizkaie! 2022-12-19 12:14   Kulturea

Poesia eta saiakera sariak emon ditu Bilboko Udalak.

Juan Mari Aburto, Juanra Madariaga eta Gonzalo Olabarria (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak literaturearen alorrean atontzen dituan sariketa bitako irabazleei autortzea egiteko ekitaldia egin dabe udaletxeko Arabiar Aretoan, Juan Mari Aburto alkatea eta Gonzalo Olabarria zinegotzia bertan dirala. XV. Blas de Otero-Angela Figuera Poesia Sariketea eta XXIII. Miguel de Unamuno Saiakera Saria dira lehiaketa biok.

Poesiaren kasuan, euskerazko modalidadean Juanra Madariaga idazle eta kazetaria izan da irabazlea. Beste piztia batzuk izeneko poema-bildumea bialdu dau Blas de Otero-Angela Figuera Sariketara, eta epaimahaiak beronen alde egin dau. 22 lan aurkeztu dira.

Gaztelaniazkoan, ostera, askoz gehiagok hartu dabe parte, mundu osoko gaztelaniadun idazleek bialtzen dituelako olerkiak. Aurten, 859 hautagairen artean, Francisco Javier Gilabert Sánchez izan da irabazlea, Granadako Lehen Hezkuntzako eta Ingeleseko irakaslea, Todavía el asombro lanagaitik.

Saiakeren lehiaketan, euskerazko modalidadean ez dabe saririk emon aurten. Gaztelaniazkoan, ostera, gai askotariko eta originalak txalotu ditue epaimahaikideek. 98 lanen artean, Herminia Luque Ortizen Sororidad/Hermanadad saiakerea izan da XXIII. Miguel De Unamuno Sariketako irabazlea.

Irakasle izateaz gan, nobelak, saiakerak, aforismoak eta antzerkia idazten ditu Luque Ortizek. Bilbon saritu deutsen lanean, XVIII. mendean Espainiako eta Portugalgo emakume idazleen artean ehundutako ahiztatasunaren genealogia egin dau, alor informalean zein instituzionalean, hareek argitaratutako testuen azterketearen bidez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu