'Frantziako Dama', Alvaro Rabelli eta Jose Carlos Torreren komikia plazan
2022-12-16 07:50 KultureaEleberri grafikoa 17 euroan dago salgai.
Frantziako Dama da Jose Carlos Torre marrazkilari bilbotarrak eta Alvaro Rabelli idazle basauritarrak orain arte alkarregaz egin daben komiki argitalpenik luzeena, Frantziako Andrea izeneko euskal balada ezaguna eleberri grafikora ekarri deuskuena. Ahozko tradizinotik datorren balada honen bertsoak Bizkaiko Zeanuri herrian jaso zituan Manuel Lekuonak eta 1933ko Anuario de Eusko Folklore aldizkarian lehen aldiz agertu ziran. Bada, egile bizkaitar biak bertsootan oinarritu dira Frantziako Dama albuma egiteko.
Edozelan be, baladatik harago, giroa eta personaiak sakonago jorratu nahi izan ditue, lana narratibotasunean be aberatsagoa izateko. Ikuspegi barritzailea be emon nahi izan deutse Erdi Aroaren amaieran girotutako istorio honi, emakumezko personaiei aparteko garrantzia emonez. Hori dala eta, jatorrizko bertsoetan agertzen ez diran zenbait pasarte landu ditue. Nabarmentzekoa da Letizia Gaspar margolariak egindako berbaurrea. Frantziako Dama honek, jatorrizko bertsoetan bezela, istorio gogorra dakar, dramatikoa. Etxera bueltetan dan zaldun batek emaztegaia hil beharko dau amaren aginduz. Tragedia, amodioa, gorrotoa, mendekua eta damua ez dira falta Erdi Aroko istorio klasiko honetan.
Alvaro Rabelli (Basauri, 1969)
Literaturearen Historian eta Literatur Konparatuan Doktorea da. Zeanurin bizi da. Kolaborazino ugari eginak ditu komunikabide askotan (Begitu, RumblE!!, Idatz & Mintz, Argia, El País, Deia, Pérgola, Euskaldunon Egunkaria...). Kritika literarioa jorratzen daben saio eta artikuluez gan, bereak dira: Egurrezko hankak (2006) ipuin antologia, Odisea (2006) album ilustratua, Saguzarren Profhezia (2014) kontaera ilustratua, Ispilua (2001), Euskara teknikaria aurretik zein atzetik (2006), Neska lizun baten lau urtaroak (2006), Triangelu ekilateroa (2006), Borreroaren gutiziak (2012) kontakizun erotikoak eta Ustezko fikzioak (2018) ipuin laburren antologia. Baita Naia. Chinatown inguruan (2013), Naia. India gorrietan (2014) eta Naia. Eskultore itsua (2018) polizia eleberri laburrak.
Jose Carlos Torre (Bilbo, 1977)
Arte Ederretan Doktorea. Irakasle eta ikertzailea da UPV/EHUko Arte Eder Fakultadean. RumblE!! komiki eta ilustrazino aldizkariko zuzendaria 2009tik 2017. urtera arte, UPV/EHUko Ikasle Kontseiluaren laguntzeari esker. Argitaratutako lanen artean nabarmenak dira Pablo baserritarraren abenturak (2016) eta Ustezko Fikzioak ipuin liburua (2018). Kolaboratzaile legez aitagarriak dira La Gallina Vasca, Ekintza Zuzena eta El Balanzín aldizkarietan egindako marrazki lanak.
Era berean, Jon Kortazarrek koordinautako liburuetan egindako artikuluak: Pott Banda. Ekilibrista Bihotza (2017) eta Bridge/Zubia. Imágenes de la relación cultural entre el País Vasco y Estados Unidos (2019). Torreren lehenengo bakarkako liburua argitaratu dau El Gallo de Oro argitaletxeari esker: Bilbao Gloria Mundi (2021). Juan Carlos Eguillorren omenetan Bilboko Plaza Barrian instalautako Bilboko memoria marraztu zuen artista mural erraldoiaren lantaldean ibili zan (2018). 2017tik aurrera bere lan personalari ekin deutso eta horren emoitza hurrengo erakusketak izan dira: Emazu, Lorpen guztien atzetik eta La Palanca Gran Cabaret (2019), baita Bwall V eta Lau Horma Artean (2020) erakusketa kolektiboak be. Azkenik komisarioa izan da hurrengo erakusketa honeetan: Redibujando a Eguillor (2021), A la deriva por Bilbania (2021/2022) eta Book of Angels (2022). Jose Carlos Torre azken proiektua TTAK komikia eta ilustrazioa aldizkaria da (2022).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!