Bosteko erakusketa ibiltaria, Arrigorriagan urtarrilaren 8ra arte
2022-12-16 09:37 KultureaIzaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubioren obrak dagoz ikusgai.
Bosteko erakusketa ibiltariaren 25. edizinoak azken geldialdia egingo dau Arrigorriagan, 2023ko urtarrilaren 8ra arte. Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatuta, Basaurin, Leioan, Getxon, Zornotzan eta orain Arrigorriagan ikusi ahal izan da, herri horreetako aretoen eta udalen lankidetzeari esker.
Kasu honetan, Arrigorriagako Udala da babeslea. Erakusketa ibiltaria Lonbo Aretoan ipini dabe eta sartzea doban da.
Habitar/Bizi lemapean, Izaskun Alonso, Mikel Garate eta Jorge Rubioren obrak dakarz Bostekok, personok espazioa zelan bizi dogun eta espazio horretaz zelan jaubetzen garen ulertzeko beharretik sortutako artelanak.
Hiru artistak unibersidadeko irakasleak dira gaur egun eta ibilbide oparoa dabe sorkuntzan. Bilbotarrak dira Alonso eta Rubio; azpeitiarra Garate. Foru Aldundiaren arabera, artista bakotxaren lanetik hur dagoan begiradea eskaintzen dau Bostekok.
Izaskun Alonso Saratxagak hiru ikuspegitatik heltzen deutso pintureari: mihisean jazoten dana, errealidade birtualean sortzen dana eta espazioan sortzen dana. Hiru jarrerok bere giza praktikea definiduten dabe, eta, ondorioz, esku hartutako eta marraztutako espazioak berea izateari ixten deutso, eta paisaje bihurtzen da.
Mikel Garate Aracamak, ostera, argazki-irudiak memorian ixten dauen arrastoan oinarrituta lantzen ditu paisajeak. Leku eta sasoi desbardinak agertzen dira, onirikoaren eta gomutearen arteko fenomeno bihurtuta.
Azkenik, Jorge Rubio Pinedok ohartarazoten deusku beharrezkoa dala gizakien babeslekuak sortzea, hobetzeko habitatak, personek euren burua babestu eta hazi ahal izan deien. Askotan, obrearen eta ikuslearen arteko komunikazinoa errazten daben narrazino-elementu ezaguterrazak erabilten ditu.
Bosteko 2022 erakusketako komisarioak Amparo Lozano eta Julen Araluce dira. Katalogoa be badauka aurtengo edizinoak, honako atalak dituana: ekimena sustatzen daben udaletako kultura-arduradunen testu bana, komisarioen idazki bat, artisten hausnarketak eta kultura-aretoetan erakutsi diran lanen argazkiak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!