Roscow da 58. Donostiako Jazzaldiaren kartelaren egilea

Bizkaie! 2022-12-15 12:48   Musikea

Hiru ilustrazino osogarri be sortu ditu.

2023ko garagarrilean egingo da 58. Donostiako Jazzaldia, udako musika jaialdien artean ospetsuenetako bat. Kartela Roscow artista donostiarrak egin dau, Free Jazz izenburuduna, baita hiru ilustrazino osogarri be. Jazzaldia martxan dagoanean uria apaintzeko erabiliko dira marrazki osogarriok.

Era honetako enkarguetan esperientzia dau Roscowk, 2017ko edizinoko kartela be berak egin eban eta. 2023koaren diseinua orain dala urte batzuetako pintura txiki batean oinarritu dau egileak, Kursaaleko kuboak eta emakume bat agertzen zituana.

Geroago, 58. edizinoko kartelaren behin betiko bersinoa egiteko orduan, Roscowk erabagi eban emakumea saxofonista bihurtzea, eta perkusionistea eta baxua gehitzea. Kontzeptua erraza da: Jazz hirukote bat iluntzean kalean joten, jai giroan, Victoria Eugenia Antzokiaren sarreran. Publikoa adi entzuten dago eta, hondoan, kartelaren benetako protagonistea, Donostiako uria, zubia eta Kursaala bertan dirala.

Marrazki osogarrietan, kartel nagusiko musikariak banan-bana agiri dira, photocall erako konposizinoan, atzean Kursaala eta zubia dagozala.

Jazzaldiaren arduradunek azaldu dabenez, kartelaren eta ilustrazino osogarrien 58na kopia dagoz eskuragarri, NFT formatuan.

2023ko Jazzaldiko sarrerak salgai dagoz, Trinitate plazako, San Telmo Museoko, Kursaal auditorioko eta Victoria Eugeniako kontzertuetarako. Besteak beste, aurtengo edizinoan entzun ahal izango doguz Norah Jones, Pat Metheny, Joss Stone, Abdullah Ibrahim, Ben Harper eta Kenny Barron. Egitaraua hemen.

Roscow

Fernando Huarte Campión da Roskow ezizenaren atzean dagoan personea; Donostian jaio zan eta bertan bizi da, Egia auzoan. Sormenaren alor ugari jorratzen ditu: mihise ganeko pinturea, grabadua, ilustrazino digitala, estanpazino serigrafikoa… Musikan be badabil.

Eskulturan jaso eban formakuntzea Roscowk,  1980ko urteetan, Donostian, Sevillan eta Madrilen, baina bere obrea piktorikoa da gehienbat. Berezko estiloa dau artisteak, ilustrazinoan, komikian eta 1980 eta 1990eko hamarkadetako punkaren eta olatu barriaren ikonografian inspirautakoa. Erdi Aroko artearen zale be bada: erromanikoa, gotikoa, Flandriako eskolea... Baina baita XX. mendeko abangoardiena be.

Donostia da Roscowren inspirazino-iturri nagusietako bat. Asko emoten dauen uria dala dino. Donostia marraztea gustetan jat, bere arkitekturea batez be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu