Migratzaileen Nazinoarteko Eguna Getxon
2022-12-15 08:31 KultureaKulturartekotasunaren eta arrazakeriaren kontrako balioak eta printzipioak aldarrikatzeko eguna.
Kulturartekotasunaren eta arrazakeriaren kontrako balioak eta printzipioak aldarrikatzea ardatz egituratzaile legez, baita gure gizarterako harrera, auzoen aniztasun gero eta handiagoa eta bizikidetzea irudikatzen dituen erronkak eta aukerak be; horixe da da Getxoko Udalak eta udalerriko erakundeek abenduaren 18an Migratzaileen Nazinoarteko Eguna ospatzeari begira atondutako jardueren helburua.
Gizarte inklusiboak eregitea sustatu nahi dogu, persona guztien giza eskubideen babesean eta sustapenean oinarrituta eta, aldi berean, migratzaileek gizarteei egiten deutseen ekarpenak eta gizakiek beren buruarentzat eta familiarentzat bizitza hobea lortzeko zoritxarra gainditzeko daben eskubidea nabarmendu nahi ditugu. Danok, jatorria, nortasuna edo pentsamendua edozein dala be, eskubide eta betebeharren bardintasunean oinarritutako bizikidetzarako oinarri izango dan proiektu bat eregiteko aukerea izateko gizartea aldarrikatzen dogu, zurrumurrurik eta aurreretxirik bakoa, kultura-aniztasunak dakarren aberastasuna azpimarratuz. Bide horretan aurrera egiteko, garrantzitsua da gogoetea egitea eta alkar ezagutzea, programautako jardueren helburua baita hori, eta herritarrak horreetan parte hartu deien gura dogu, adierazo dau Carmen Díaz, Gizarte Kohesinoko zinegotziak.
Jarduerak
Udalaren eskutik, Algortako Gaztelekuan, datorren astelehenean, abenduaren 19an, arratsaldeko 19:00retatik aurrera, Historias de Arena y Sal narrazino ikuskizuna izango da, Bizkaiko Imazighen gazteen Agharas alkartearen eskutik. Ahozko narrazinoak gazte migratzaile baten kulturearen eta migrazino-iraganbidearen bizipenak zabaldu eta persona askoren istorioei ahotsa jarriko deutse. Bestalde, Udalak sustatutako Zurrumurrurik Ez Estrategiaren gazte taldeak abenduaren 18rako, eguerdiko 12:00etatik aurrera, ate edegien jardunaldia eta Scaperoom jarduerea atondu ditu, abenduaren 18ko efemeridearen inguruan hausnartzeko aukerea eskainiz.
Era berean, Kultur Etxeko zinema zikloen laguntzinoari esker, abenduaren bihar, ostegunean, hilak 15, 19:00etan, Nely Reguerak zuzendutako La voluntaria (Zinemabarri) filma proiektauko da Muxikebarrin eta hurrengo egunean, barikuan, 21:00etan, Gerardo Olivaresen 14 kilometro (Zinekluba) Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan.
Udalerriko erakundeek Udalaren babesari esker atondutako jardueren artean, harrerea, sensibilizazino eta lankidetzaz arduratzen dan Personalde alkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko aprobetxauko dau, bariku honetarako, izan be, abenduaren 16an, 18:30etik aurrera, topaketa batean musika saioa eta gomutarako, berbaldia ditue. Alkarte horrek hilaren 18an Lutxanatik (Erandio) Bilboko Arenaleraino oinez martxa bat egitea proponidu dau, uri horretan egingo dan kontzentrazinoagaz bat egiteko.
Azkenik, Getxoko Etorkinen Plataforma Federazinoak, Ibilki alkarteagaz batera, Sopela eta Plentzia arteko ibilbide osasungarria atondu dau, Ipuin kontalariagaz, abenduaren 17rako (Baso Magikoa). Hitzordua goizeko 09:30ean izango da Sopelana geltokian. Dobako izen-emotea. Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!