Cafe-Bar Bilbao Antzerki Saria 20. edizinora heldu da
2022-12-14 10:38 KultureaAbenduaren 31ra arte dago testuak bialtzeko epea.
Tartean Teatroak eta Cafe-Bar Bilbao taberneak alkarlanean antolatzen daben Antzerki Laburreko Testuen Lehiaketearen 20. edizinoaren deialdia zabalik dago. Urtero lez, formatu txikiko obren testu edo gidoirik onenak sarituko ditue, euskerazko eta gaztelaniazko modalidadeetan. Proposamenak bialtzeko epea abenduaren 31n amaituko da.
Lehiaketearen helburua antzerkigintza laburraren formatua bultzatzea da, izan be, produkzino txikiak leku gehiagotara eta errazago eroan leitekez, ez dabelako formatu handikoen beharrizan tekniko eta espazialik. Hortaz, arte eszenikoak zabaltzeko genero aproposa da. Bestetik, antzerki testuak idaztera animau nahi dabe jentea sarion bidez.
Euskerazko eta gaztelaniazko testu onenei 800 euroko sari bana emongo deutse. Antolatzaileen asmoa ez da, baina, testuen sorkuntzea bultzatzera mugatzen, badabe obra barriak oholtzara eroateko gogoa be. Horregaitik, produkzinorako beste sari bat be egongo da, hori be 800 eurokoa. Konpainiaren batek interesa agertu ezkero, Pabilioi 6ren antzerki laburreko jaialdian estreinauko ditue irabazleak.
Bestetik, euskerazko irabazlea Lautan Hiru jaialdian emongo dabe, irakurketa dramatizaduaren formatuan. Bilboko Zazpi Kaleetako giro kulturala arte eszenikoen bitartez bultzatzeko jaialdia da Lautan Hiru eta eragile ugarik hartzen dabe parte.
Kontuak kontu, zabalik dago 20. Cafe-Bar Bilbao Antzerki Laburreko Sariaren deialdia. Oinarriak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!