Migratzaileen Nazinoarteko Eguna gogoratuko dau Bilbok
2022-12-13 12:12 Pil-pileanKike Infame marrazkilariaren sormenaren bidez zabalduko dabe inklusinoaren aldeko mezua.
Beharrezko bidaia bat lemapean gogoratuko dabe Bilbon Migratzaileen Nazinoarteko Eguna domekan, hilak 18. Kulturarteko Urien Sareak egindako kanpaineagaz bat egin dau Udalak, ondo planifikautako migrazino-politikearen alde eta uriko eragile sozial, politiko eta kulturalak batu guran.
Aurtengo edizinoan, esku-orri batean batu dabe Kike Infame marrazkilariaren lana, Nazino Batuen Erakundeak ezarritako erespideetan oinarritua. Sormen-prozesu horretan, uriko zubiak metafora lez agertu ditu artisteak, personak batzeko lekuak diralako, bardintasuneko eta diskriminazinorik bako espazioak sortzeko.
Urte osoan ibili da Kike Infame migrazinoaren eta dibersidadearen inguruko marrazkiak sortzen. Azken atalean, Euskalduna Zubia eta haren azpian kirola egiteko dagoan eremua erakutsi ditu. Izan be, kirola be bada diskriminazinoa ezabatzeko eta alkarrekintza positiboa eregiteko bitartekoa.
Nazinoarteko Egunek aukerea emoten deuskue konpondu barik dagozan arazoak ezagutzera emoteko, neurri zuzentzaile zehatzak ezarteko, esate baterako, giza eskubideak, garapen jasangarria eta osasuna, adierazo dau Itziar Urtasun zinegotziak.
Kasu honetan, uri inklusibo eta kulturartekoa eregiteko beharraz kontzientzia zabaldu nahi dau Udalak. Aurtengo kanpainan aitatzen dan beharrezko bidaia bardintasunean dibersidadean, alkarrekintzan eta garapen jasangarrian oinarritutako eredu baterako bidaia da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!