Aurreikuspenak hobetu ditu Guggenheim Museoak 2022an
2022-12-13 09:17 KultureaDiru-sarrerak nabarmen handitu diranez, artelanak erosiko ditue.
Bilboko Guggenheim Museoaren Patronatuak batzarra egin dau, 2022ak emondakoa aztertu eta 2023rako asmoak zehazteko. Batzarrean izan dira museoko eta erakunde publikoetako ordezkari gorenak. Pandemia sasoiko murrizketak atzean itxita, datuek garbi erakutsi dabe aurtengoa urte oparoa izan dala, igazko batzarrean egindako aurreikuspenak nabarmen gainditu diralako, bisiteriei zein diru-sarrerei jagokenez.
Abenduko azken egunetako datuen faltan, 2022an orain arte 1.247.599 bisitari joan dira Guggenheim Museora, aurreikusitakoa baino % 55 gehiago eta pandemiak bete-betean jotako 2021aren bikotxa.
Urte osoan eutsi jako jokera positiboari, eta, ganera, 25. urteurrenaren harira EAEko herritarrek museoa doban bisitau ahal izatea lagungarria izan da. Dana dala, erakusketa batek izan dauen erakarmena ezin da ahaztu: 750.000 lagunek Motion. Autos, Art, Architecture. Historiako udarik jentetsuena izan dau Guggenheimek erakusketa horri esker.
Museoari lotutako komunidadea be hazi egin da hileotan, hau da, Museoaren Lagunak, Jarraitzaileak eta ERDU programako onuradunak. Dagoeneko 183.000 lagunek dabe era horretako loturaren bat Guggenheimegaz, eta Jarraitzaileen kopurua bikoiztu egin da urtebetean.
Horren guztiaren eraginez, diru-sarrerak be handitu egin dira eta gastuen ganetik dagoz. Patronatuaren batzarrean azaldu dabenez, 1,5 miloe erabili barik geratu dira, erakunde publikoen lepo joan behar zan kopurua. Aurreztutakoa artelanak erosten eta ondare artistikoa aberasten erabiliko dabela aurreratu dabe Guggenheimen babesle diran instituzinoek.
Datorren urtekoei jagokenez, aurrekontua eta programazino artistikoa onartu ditue Patronatuko kideek. 32,6 miloe euroko aurrekontu operatiboa izango dau Guggenheim Museoak 2023an, aurtengoa baino % 8,1 handiagoa, prezioen eta erregaien igoereagaitik. 950.000 bisitari hartzeko aurreikuspenaren ganean atondu dabe aurrekontua.
Arte moderno eta garaikideko sortzaile handien obrak ekarriko ditue Bilbora 2023an. Zezeilaren 10ean Joan Miró. Errealitate absolutua. Paris, 1920–1945 zabalduko dabe, artista katalanaren obrearen funtsezko urteen errepasoa. Martian, Oskar Kokoschka austriarrari eskainitako atzera begirako handia eta Lynette Yiadom-Boakye britainiarraren azkenaldiko obrearen aurkezpena helduko dira.
Udan zabalduko dau museoak hurrengo erakusketea, Yayoi Kusama japoniarrari eskainitakoa, eta, irailean, Picasso. Materia eta gorputza inaugurauko dabe, Pablo Picassoren heriotzearen 50. urteurreneko ekitaldien barruan. Film&Video aretoan Marine Hugonnier izango da protagonista urrian eta Gego alemaniar-venezuelarraren atzera begirakoak biribilduko dau urtea. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak be ikusi ahal izango da hurrengo hileetan.
Patronatuaren batzarrean honeek egon dira: Iñigo Urkullu Lehendakaria; Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua; Lorea Bilbao, Euskera, Kultura eta Kirol Foru Diputadua; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Fundazinoaren gobernu-organo goreneko enpresen eta erakundeen ordezkariak (batzuk modu telematikoan); eta New Yorkeko eta Bilboko Guggenheim museoen Zuzendariak, Richard Armstrong (modu telematikoan) eta Juan Ignacio Vidarte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!