Opari Txartelaren bidez publiko barriak erakarri nahi ditue Arriagara

Bizkaie! 2022-12-12 12:42   Kulturea

Emozino bikain eta parebakoak agindu ditue antzokiko arduradunek.

Gabon sasoiagaz bat, Bilboko Arriaga Antzokiak salgai jarri dau Opari Txartela, norberarentzat edo inguruko bati erregalua egiteko. Ikusle barriak erakarteko eta fidelizazinoa handitzeko bidea dala uste dabe antzokiko arduradunek, Arriagako ikuskizunetara modu errazago eta merkeagoan joateko modua emoten dauelako txartel horrek.

Prezio bitan saltzen dabiz Opari Txartela, 40 eta 100 euroan. Kasu bietan, Arriaga Antzokian 2023ko bagilera arte egiten diran arte eszenikoetako ikuskizunetako sarrerak erosi ahal izango dira, saldoa agortu arte. Online zein txarteldegian % 25era arteko deskontuak izango ditue erabiltzaileek.

Beste abantaila bat be badau Opari Txartelak: saldoa agortzen danean, Arriagako Lagun bihurtu ahal izango da erabiltzailea, doban, bagilera arte. Arriagako Lagunek be deskontuak eta bestelako erraztasunak ditue.

Arriaga Antzokiko arduradunek herritarrak animau ditue Opari Txartela eskuratu eta ingurukoei erregaletako, arte eszenikoen eskaintza zabalaz gozau eta esperientzia barriak probetako. Opari Txartela oparitzen dauenak emozino bikain eta parebakoak oparitzen ditu, azpimarratu dabe.

Ikus-entzuleak erakarri eta arte eszenikoetako zaleen harrobia lantzeko modu aproposa da Opari Txartela. Aurreko urteetan, behinik behin, jenteak bikain erantzun dau eta txartel asko saldu ditue. Arrakasta hori ikusirik, 2013tik, urtero-urtero egiten dabe kanpainea, aurten hamargarrenez.

Arriagaren Opari Txartela erosteko, antzokiko lehiatilara edo Informazino Bulegora jo behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu