Harrerea Luna Llena konpainiari, mende laureneko bidea egin dauelako
2022-12-07 13:19 KultureaBilbon antzerki amateurra bultzatzen dabil 1997tik.
Bilboko Zurbaranbarri Eskolako ama batzuek sortu eben Luna Llena konpainia, 1997an, aisialdiagaz eta kultureagaz lotutako alternatiben bila ebizalako. Beraz, euren zaletasunak batu zituan. Modu apalean hasitako proiektuak 25 urte bete ditu aurten, uriko antzerkigintza amateurrean erreferente bihurtuta. Horregaitik, Bilboko Udalak harrerea egin deutse konpainiako kideei.
Ez da edozelako ekitaldia izan. Udaletxeko Arabiar Areto dotorean, Juan Mari Aburto alkateak eta Udaleko Kultura zinegotzi Gonzalo Olabarriak egin deutse harrerea Luna Llenakoei. Konpainiako kide ugari egon dira.
Azken hamar urteotan, Kepa Gallego da Luna Llenako zuzendaria. Aktoreak, ostera, emakumeak dira, Zurbaranbarri ikastetxeko ama hareek edo gerora batu jakezan beste batzuk. Antzerkiaren inguruko zaletasunean oinarrituta, kulturea eguneroko arduretatik iges egiteko bidetzat dabe, eta proposamen eskuragarriak egiten ditue.
Orain dala 25 urte, Zurbaranbarri ikastetxea izan zan euren lehenengo oholtzea, baita parrokiak edo inguruko emakume-alkarteak be. Denporeagaz, Bilboko eta kanpoko zirkuitu kulturaletan sartzen hasi ziran, udaltegietako zein herrietako zikloen bidez.
Luna Llenaren mugarrietako bat Tupper XXX antzezlana da, aurten bertan estreinautakoa eta Bilboko Zirkuitua programan ikusi ahal izan dana. Horrek erakusten dau, talde amateurra izan arren, goi mailako antzezlanak atontzeko kapaz dirala.
Argazkiak: Bilboko Udala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!