Ikasle Goiza, 57. Durangoko Azokeari ekiteko

Bizkaie! 2022-12-07 08:22   Kulturea

Online dendea zabaldu dabe dagoeneko.

Gaztetxuak gogotsu Ikasle Goizean (argazkia: Durangoko Azoka) | Ikusi handiago | Argazki originala

Beste urte batez, kulturgilez eta kulturzalez beteko da Durango abenduko lehenengo egunetan, dagoeneko 57 edizino bete dituan Durangoko Azokeari esker. Landako Gunea erdigune dala, herriko areto eta gune ugaritan ezagutu ahal izango doguz euskal sorkuntzearen azken nobedadeak, artistak eurak protagonista dirala. Pandemiak aurreko urteetan ezarritako murrizketa barik, milazak eta milazak lagun espero dira abenduaren 7tik 11ra.

Ohikoa dan lez, Ikasle Goizak zabalduko dau Azokea, gaur, eguaztena. Aurreko urte bietan huts egin eban hitzordu horrek, pandemiagaitik, eta, beraz, gazteak gogotsu bueltauko dira eurei eskainitako jardueretara. Dana dala, ikastetxeetako gazteez aparte, nahi daben zale guztiek be zabalik izango dabe Azokea eguazten goizean.

Goizeko 10:30ean zabalduko ditue Landako Guneko ateak, Gerediaga Alkartekoen arabera. Ondoetorria egingo deutse bisitari goiztiarrenei eta, domekara arte, eten bako jai bihurtuko da Durango.

Jardueren ohiko egitaraua eguerdi bueltan hasiko da eta inaugurazino ofiziala arratsaldeko 19:00etan da, San Agustin Kulturgunean, gaur, eguaztena. Hantxe batuko dira Gerediagako kideak, babesleak, erakunde publikoetako ordezkariak eta kulturgintzako eragileak. Barrexerka taldearen DrunDA! ekitaldiaiz gozau ahal izango dabe bertaratutakoek.

Ikasle Goizari jagokonez, Azokeak 1.500 ikaslerentzako tailerrak dakarz (leku guztiak bete dira) eta, lehenengo aldiz, hezitzaileentzako gunea be egongo da, baliabide digital libreen eskaintzea ezagutu deien. Ganera, euren gustuko musikari, idazle edo artistak ezagutu ahal izango ditue gazteek eta, subertea izan ezkero, sinaduraren bat edo beste etxera eroan.

Egitarau orokorraren barruan, lehenengo egunean, Euskal Herriko plataformak ezagutu ahal izango doguz Kabi@-n: 2deo Laborategia, Memeka, Frontoi, Balea Funk... Saguganbaran Usue Egia ilustratzaile durangarraren tailerra egongo da eta Irudienean, DemaS.A. sortzaile amateurren finala.

Ahotsenean, lehenengo egunetik ezagutu ahal izango doguz musikari eta idazle ugari. Delirium Tremens talde beteranoak hitzordua dau, esate baterako.

Azkenik, ez da ahaztu behar online azokea be egongo dala aurten, eta dagoeneko zabalik dago. Abenduaren 7tik 10era, Azokako erakusmahaietako produktuak denda digitalean be erosi ahal izango dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu