Rafael Mikoleta euskerazko ipuinen lehiaketan izena emoteko epea hasi da

Bizkaie! 2022-12-01 13:14   Kulturea

Lanak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 27ko 14:00etan amaituko da.

Bilboko Udalak dagoeneko zabaldu dau epea XXIII. Rafael Mikoleta euskerazko ipuinen Lehiaketetan izena emoteko.

Danetara, 14 sari emongo ditue, hiru kategoria bakotxzean; Lehen Hezkuntzan bi (bat 3. eta 4. mailetakoen artean eta beste bat 5. eta 6. mailetakoen artean) eta beste bi Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (bi 1. eta 2. mailetakoen artean eta beste bi 3. eta 4. mailetakoen artean).

Rafael Mikoleta Ipuin Lehiaketeak euskerazko lehengo gramatikagilearen izena dau. 1988tik atontzen da euskeraz irakurteko eta idazteko zaletasuna zabaltzeko eskola-umeen artean.

Udalaren helburua da euskeraz irakurtea eta idazketea sustatzea eta euskal literaturea be Bilboko gazteen artean sustatzea.

Lehiaketa hau 8 eta 16 urtera arteko bilbotar ikasleentzat da, hau da, Lehen Hezkuntzako 3., 4., 5. eta 6. mailetan dabizanentzat edo DBH - Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lau ikastaroetako edozeinetan dabizanentzat.

Oinarriak

Ipuinak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 27an amaituko da, 14:00etan. Aleak Bilboko Udaleko Euskera eta Hezkuntza Saileko Euskera Zuzendariordetzan aurkeztu beharko dira (Venezuela plaza 2, 7. pisua – 48001 Bilbo).

Ipuinen gaia librea da; alabaina, honela aurkeztu behar dira:

Ipuinak euskeraz idatzitakoak izango dira eta marrazkiz lagunduta egon.

Originalak izan behar dabe, lehenago argitaratu bakoak.

Egile bakarra izan behar dabe.

Ordenagailuz, makinaz edo kaligrafia argiz idatzita egon behar dabe.

Eta 2 eta 4 folio bitarteko luzerakoak izango dira.

Lanak aurkezteko moduari jagokonez, lan originala koloretan eta kopia bat aurkeztu behar dira; egilearen datuak ez dira agertuko izenburuaren ondoan, ikasturtea eta kategoriaren izena baino ez.

Erantsitako fitxa batean, ipuinaren kategoria eta izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, irakaslearen izen-abizenak eta eskolearen izena jarri beharko dira.

Epaimahaia

Literaturaren munduari lotutako personak izango dira: Eneko Zuloaga, Galder Urzaa, Goizalde Landabaso, Igone Etxebarria, Irune Urrizelki, Juan Ramon Madariaga, Lutxo Egia eta Txani Rodriguez. 2023ko maiatzean emongo dabe ebazpena.

Lehiaketearen oinarriak www.bilbao.eus udal webgunean eta www.bilbaoeuskaraz.eus orrian dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu