Italiarrek Gerra Zibilean izan eben parte-hartzea aztertuko dabe Gernikan

Bizkaie! 2022-12-01 08:18   Kulturea

Euskadiko, Kataluniako eta Italiako adituak Gernikako Bakearen Museoan batuko dira.

Descubriendo lo silenciado: la participación italiana en la Guerra Civil goiburupean, Gerra Zibileko 25 adituk baino gehiagok, Euskadi, Katalunia eta Italiako hainbat lekutako kasu-ikerketakaz batera, Italiarren parte-hartzea Gerra Zibilean gaia jorratuko dabe hurrengo egunotan Gernikan.

Gernikako Bakearen Museoak (Gernikako bonbardaketaren 85. Urteurren honetan) Europako Memorien Behatokiarekin (EUROM) eta Granollerseko Udalalagaz batera, egun biko mintegi hau atondu dau Gernikan, 2022ko abenduaren 2an eta 3an.

Mintegi hau eta aurretik egindako taldelana (orain arte online egin dana azken 18 hileotan) alkarte eta erakunde atontzaile eta laguntzaile askoren laguntzeari esker lortu ahal izan da (Gernika Gogoratuz, Lobak, Gernika Garretan, Gernika Batzordea, Gernikako Kultur Etxea, Durango 1936 Kultur Elkartea...).

Mintegia, 2022ko abenduaren 2an eta 3an egingo da (barikuan eta zapatuan) Gernikan eta online. Bariku arratsaldeko saioak, Gernikako Kultur Etxean izango dira eta bertatik bertara jarraitu ahal izango dira, baita online be (izena emon ondoren). Zapatuko saioak, barriz, Gernikako Bakearen Museoan egingo dira eta entzule lez online (zoom bidez) baino ezingo da parte hartu (aurretik izena emonda), aurrez aurre ez bada be.

Gauzak holan dirakla, italiarrek bonbardeatu zituen herri batzuk, besteak beste, Gernika, Durango, Granollers eta Bartzelona, Italiako aditu eta erakundeakaz batera lan egiten hasi gura dabe. Egia, erreparazinoa eta justizia topetako bide horretan, ahazturatik atarako dan egia osoa ezagutzeko eta ezagutzera emoteko.

Mintegi hau, beraz, helburu zabalago horretako lehen urratsa besterik ez da. Asmoa, datozen urteetan, etenbako lanerako urrats sendoak emoten jarraitzea da, sortutako lantaldea beste leku batzuetan batzen jarraitu ahal izateko (Bartzelona-Granollers, Italia) eta material pedagogiko bateratu bat be atondu deien, jazoera horreek gazteenei, Espainian edo Italian be ezagutzera emoteko.

Informazino gehiago eta egitaraua hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu