Alkarlana nabarmenduko dabe Bilboko Konparsek 2023an
2022-11-30 13:14 Kulturea1983ko urioletatik 40 urtera, egitarau zabala atonduko dabe.
2023a urte berezia izango da Bilbon, uria hankaz gora ipini eban uriola ikaragarritik 40 urte pasauko diralako. Bilboko Konparsak federazinoak alkartasunaren eta herritarren borondatezko ekarpenaren balioa azpimarratuko dabe datorren urtean, Elkartasun Uholdea dalako ekimenaren bidez. 1983ko abuztuan lez, gaur egunean be behar-beharrezko jarrerea dala uste dabe.
Konparsakide gazte eta beteranoak alboan, Garazi Askasibarrek eta Iñigo Iglesiasek emon ditue ekimen barriaren nondik norakoak. Hasteko eta behin, Bilboko Konparsen 2023ko egutegiak orain dala 40 urteko jazoerak erakutsiko ditu, ahalegin kolektibo hari autortzea egiteko.
Ohikoa dauen diseinu koloretsua alboratu, eta zuri-baltzean izango da egutegia. 1983ko argazkiak Euskal Museoak eta Bilboko Udal Agiritegiak lagatakoak dira. Euro bian salduko dira egutegiok, eta batutako diruaren erdia Etxaldeko Emakumeak taldearentzat izango da.
Gaur egindako aurkezpenean, konparsakideek hasierea emon deutse Elkartasun Uholdea-ri. 2023an danetariko ekimenak atonduko ditue, 1983ko urioletan agertutako alkartasuna eta erantzun herrikoia gogoratu, gizarteratu eta barritzeko. Egitarau zehatzik ez dago oraindino, baina, Askasibar eta Iglesiasek azaldu dabenez, Bilboko auzo guztietara zabaldu nahi dabe ekimena, Zazpi Kaleetara edo jai girora mugatu barik.
1983ko abuztuaren 26an izan ziran uriolak Bilbon eta inguruko beste herri askotan. Hondamenetik herri baten indarra azaleratu zan: zoritxarrean lagun, adin guztietako bilbotarrak, katiuskak eta palak hartuta, alkarlanean ibili ziran, basea eta hondakinak gure kale, etxe eta dendetatik ateraten, azaldu dabe Bilboko Konparsek. Uriolak Aste Nagusian izan ziranez, konparsei egokitu jaken alkarlan horren antolakuntzan rol garrantzitsua, orduan Bilbon egoan talde antolatu nagusia ziralako.
Orain dala lau hamarkadako jarrerea gaur egun be baliogarria izan leitekela uste dabe konparsakideek. Orduko bilbotarrek egindako ahalegin erraldoiak lorratza itxi eban herritarren gogoan, eta pentsetan dogu, esaterako, osasun-krisian sortutako alkartasun sareek inspirazino-iturri izan zituela pala eta katiuska hareek. Iraganari omen eta etorkizunerako prestutasuna adierazo nahi dogu, orain eta hemen.
Agerraldiaren amaieran, Lurdes Luque konparsakide eta txupinerea gogoratu dabe, orain dala pare bat aste hil zalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!