Jesús Rubio Gamo jantzaria Bilboko La Fundición-en, abenduaren 2an eta 3an

Bizkaie! 2022-11-30 11:05   Kulturea

El hermoso misterio que nos une estreinauko dau Euskadin.

Jesús Rubio Gamo, 'El misterio que nos une' (argazkia: Jesús Vallinas) | Ikusi handiago | Argazki originala

2022ko Max Sarietan interpretatzaile onenaren kategorian hautagai izandako Jesús Rubio Gamo jantzari madrildarra ikusteko aukera parebakoa emongo dau Bilboko La Fundición Aretoak, abenduaren 2an eta 3an, saio bitan. Azkenaldion, agertoki handietarako produkzinoetan dabil beharrean gehienbat; horregaitik, Deustuko aretoan bakar-lanean ikusi ahal izatea lujua dala dinoe La Fundición-ekoek.

El hermoso misterio que nos une, Rubio Gamoren ikuskizun barrienetako bat, ikusi ahal izango da Bilbon. Euskadin estreinaldia izango da. Proposamen intimista honetan, artisteak bere sorkuntza-prozesua aztertzen dau, eta ikertzen dau zelakoa dan estudioko lana eta batzuetan hasierako idea batzuek zelan eboluzionau leikien formatu handiko obra bihurtu arte.

Pandemian sortu eban obra hau Rubio Gamok, bere buruaren inguruko gogoeta batean oinarrituta, eta 2021ean estreinau zan. El hermoso misterio que nos une-k berbea eta jantzea aurrez aurre jarten ditu, eta Bach konpositorearen musikea be erabilten dau. Ideen, gure galderen, ustebako txikien flujuari egindako odea da; berbak gogoratzeko eta hareetan proiekzinoak egiteko dogun gaitasunari egindakoa, dino Rubio Gamok berak.

La Fundición Aretoko arduradunen ustez, jantza garaikidearen zaleek gozau egingo dabe Rubio Gamoren proposamenagaz, baina beste publikoentzat be aproposa dala dinoe.

Roberto García Mesa be badator

Rubio Gamorena ez da La Fundición-ek hurrengo asteetan ekarriko dauen ikuskizun aitagarri bakarra. Izan be, abenduaren 10ean eta 11n, Roberto García Mesa egongo da Bilbon, Naturaleza muerta sobre fondo blanco lana aurkezten. Kasu honetan, obrearen erabateko estreinaldia da.

Abogadua, poetea, idazlea eta arte eszenikoen jarraitzaile sutsua da Roberto García, eta 2015az geroztik bere konpainia dau. Orain aurkeztuko dauen antzerki-proiektua poesia eszenikoko hiru pieza dirala dino autoreak berak. Gidoiaz, zuzendaritzaz, soinu-espazioaz eta espazio eszenikoaz arduratu da.

Proposamenaren barruan, besteak beste, La vida es sueño obrearen bersino libre eta basati bat dago, baita atentadu islamista baten historia be. Roberto Garcia Mesa arte eszeniko alternatiboetako ahotsik berezienetakoa dala dinoe adituek.

Rubio Gamo eta Garcia Mesaren ikuskizunetarako sarrerak salgai dagoz La Fundición Aretoko txarteldegian zein online. 19:00etan hasiko dira saio guztiak.

Roberto Garcia Mesa, 'Naturaleza muerta sobre fondo blanco' (argazkia: La Fundición).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu